Irudia: Andoni Mutiloa.
II. Sagastiak Loretan zikloko bi hitzordu berri asteburuan. Ostiralean, sagar muztioa eta sagardoa dastatzeari buruzko ikastaroa Usurbilgo Gaztetxean 19:00etan hasita, Guillermo Castaños enologoaren laguntzarekin. Eta larunbatean, 17:30etan Sariaaundira bisita gidatua antolatu dugu. Iaz bezala, baserri barrua ezagutzeko aukera egongo da. Aurten ordea, berezitasun batekin; dantza eta musika uztartuko dituen emanaldi berezi batez gozatzeko aukera izango duzue, bertaratzen zareten guztiok.
Eneko Balerdi dantzari aiarrak, gunera egokituriko dantza garaikideko saioa eskainiko du. Balerdi, Sariaaundiri buruz mintzatu da besteak beste, aste honetako NOAUA!rako eskaini duen elkarrizketan. "Kanpotik ezagutzen nuen, barrutik ez nuen ikusia. Interes handia sortzen dit, nolabait testigantza modukoa jasotzen duelako espazio horrek, hor egiten zen lanaren ingurukoa. Sartzean eta egitura horiek ikustean, jada irudikatu zenezake, mugimendua ikusi dezakezu, soinuak entzuten dituzu eta polita da gainera, interpretatzeko aukera ematen dizula, arteak eskaintzen dizu hori. Espazio horretan egotean norberak eraiki behar du, hor egongo zen hori. Ni ere horretan arituko naiz. Nik ere zerbait erantsiko diot espazio horri. Nolabait ere jendeari lan mota edo lan egiteko modu, edo gorpuzkera, neke sentsazio ezberdinak adierazi diezazkioket", dio dantzariak.
Attrium
Eneko Balerdi dantzariarekin batera, Ainhoa Franco (ahotsa), Jurdana Otxoa (bibolina) eta Maider Zapirain (txeloa) Attrium hirukotearen musikaz ere gozatu ahal izango dugu larunbatean Sariaaundin. XVI. mendeko dolare-baserrian hitzartu gaituzte, garai hartatik gaurdainoko musika emanaldi goxoa entzuteko. Musikaren bidez, herri honen sustraietara bidaiatzea proposatzen digute.
Sariaaundiko bisita gidatura joan asmo duzuenok, lekua hartzeko aurrez NOAUA!ra deitu, 943 360 321 telefono zenbakira edo idatzi elkartea@noaua.com helbidera.
II. Sagastiak Loretan
Zenbait aldaketa izan ditu datozen asteotarako antolaturiko ekimen sortak. Hona hemen, egitarau eguneratua:
Maiatzak 9, ostirala
19:00 Sagar muztio dastaketa eta sagardoa dastatzen ikastea, Usurbilgo Gaztetxean. Guillermo Castaños enologoaren laguntzarekin.
Maiatzak 10, larunbata
17:30 Berreskuratutako XVI. mendeko Aginagako Sariaaundi Dolare-baserria ezagutzeko bisita gidatua. Tartean, XVI. mendetik gaur arteko musika kontzertua Attrium hirukotearekin eta dantza garaikide saioa, Eneko Balerdi dantzariarekin. Kopuru mugatua. Zure bertaratzea baieztatu: 943 360 321 edo elkartea@noaua.com
Maiatzak 15, osteguna
San Isidro Eguna
10:30 Meza Nagusia Salbatore Elizan.
Ondoren, hamaiketakoa eta herri kirolak frontoian. Olaso eta Otamendi bertsolarien saioa.
14:00 Bertso-bazkaria Artzabalen, Olaso eta Otamendi bertsolariekin (txartelak salgai 25 eurotan Artzabal eta Alkartasuna Kooperatiban, maiatzaren 12ra arte).
18:30 Kalejira Usurbilgo erraldoi konpartsarekin.
Maiatzak 17, larunbata
Iluntzean, sagardo dastaketa gidatua eta afaria Saizar sagardotegian, Fernando Vadillo enologoaren eskutik. Afaria eta dastaketa, 25 eurotan. Izen ematea: 943 36 45 97.
Maiatzak 18, igandea
XXXIII. Sagardo Eguna.
“Usurbilgo baserrietako dolareen argazkiak” erakusketa, Sutegiko aretoan.
11:30 Hasiera ekitaldia.
Baserriko, Labeldun eta Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteko sagardoa dastatzeko aukera. Honetaz gain, pintxo aukera zabala.
17:00 Erromeria, “Ingo al deu” taldearekin frontoian.
Arratsaldean, “Elektro Patxaranga” kaleetan zehar.
Maiatzak 24, larunbata
10:30 Sagastitik Botilara Sagardoa, bisita didaktikoa Aginagako Urdaira sagardotegian. Sagardo dastatze hamaiketako gidatua, Xabier Kamio enologoak gidatua eta Maialen Lujanbio eta Aitor Mendiluze bertsolariek girotua. Izen-ematea: Urdairan (943 372 691) eta NOAUA! Kultur Elkartean (943 360 321). 5 euro, eserleku mugatuak.
Ekainak 14, larunbata
9:00 Sagastien udako inausketa ikastaro teorikoa eta praktikoa Potxoenean, Aitor Etxeandia Nekazaritza Ingeniariaren eskutik. Informazioa, Alkartasuna Kooperatiban: 943 361 114 edo alkartasuna@usurbil.com
Elkarlanean:
Usurbilgo Sagardo Egunaren Lagunak
Alkartasuna, Usurbilgo Baserritarren Kooperatiba
NOAUA! Kultur Elkartea
Usurbilgo Sagastia E.M.
Usurbilgo Gaztetxea
Sagardoaren Unibertsitatea
Saizar eta Urdaira Sagardotegiak
Gipuzkoako Sagardogileen Elkartea
Bizi Sagardoa
Usurbilgo Udala