Izeberg taldekoen "Lehenengo ilaran" abestiaren alde bozkatzeko azken eguna

Noaua Aldizkaria 2014ko mai. 8a, 09:20


Irudia: Ibai Arrieta.

Izeberg, Usurbilgo musika talde berria, Gaztea Maketa Lehiaketako bigarren faserako sailkatu da, "Lehenengo ilaran" abestiarekin. Ostegun hau, maiatzaren 8a da hain zuzen, Ixak Arruti, Antton Aranburu, Beñat Urteaga eta Jokin Irastorza laukotearen kanta honen aldeko bozka emateko azken eguna. Helbide honetan sartuta bozkatu dezakezue, abestiaren alde: Gaztea Maketa Lehiaketa 2014

Abestia bera entzuteko aukera duzue Gaztea Maketa Lehiaketaren orrialdean, eta usurbildarren aldeko botoa eman dezakezue baita. Ostegun iluntze honetan bertan, Gaztea irrati kateko "B Aldea" saioan iragarriko dute Entzuleen Saria norentzat izango den, baita Maketa Lehiaketako bigarren talde bozkatuenaren izena ere. Epaimahaiak aukeratutako hiru finalisten izenak ere jakinaraziko dituzte. Adi beraz.

Taldearen eta diskoaren aurkezpena, larunbatean
Gaztea Maketa Lehiaketako finalisten artean den "Lehenengo ilaran" abestia eta "Azalera" estreinako lana osatzen duten gainerako abestiak, larunbatean aurkeztuko ditu Izeberg taldeak, gaueko 23:00etatik aurrera Usurbilgo Gaztetxean. Taldearentzat, jendaurreko lehen emanaldia izango da.

BH Roja eta Materia Gris taldeek ere joko dute, Alkartasuna Kooperatibaren egoitza ohian. Eta amaitzeko, Dj Plan. Kontzertu gauerako sarrera doan. Elkartasun gaua ere izango da maiatzaren 10ekoa. Emanaldi gau honetan bildutako laguntza, Gambiara arropa bidaltzeko elkartasun ekimenera bideratuko baitute.

Gau Beltzarako sarrerak salgai
Usurbilen bakarrik ez, Izeberg taldekoak Aginagan, Lasarten, Donostian edota Kalezarko San Joan jaietan ere emanaldiak eskaintzekoak dira hurrengo asteetan. Maiatzaren 24an, Aginagako Gau Beltzean parte hartuko dute, "Bizirik gaude" lan berria aurkeztera datorren Su Ta Gar  eta Legez Kanpo taldekoekin batera. 23:00etan Aginagako Eliza Zaharrean hasiko den emanaldirako sarrerak, aurrez eskura daitezke 8 eurotan, Aitzagan, Aginagako Arrate Egoitzan, Lasarteko Ilargin eta Orioko Kalakarin.