Hauteskunde kanpainako lehen ekitaldia gaur, EH Bildurena 19:00etan Dema Plazan

Noaua Aldizkaria 2014ko mai. 9a, 12:20



Maitzaren 25ean ospatuko diren Europako hauteskundeetarako kanpaina, gauerdi honetan abiatu da. Eragile politikoek bi asteko tartea dute herritarrei bozka eskatzeko. Hasi berri den kanpainako ekitaldiak ospatzeko, Usurbilen zer gune baliatu ahalko dituzten finkatua du jada, Donostialdeko Hauteskunde Batzordeak. Joan den apirilaren 16ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean zehaztuak ageri dira, zer lokal eta leku publiko baliatu ahalko diren, murgildu berri garen hauteskunde kanpaina honetan. Usurbilen kasuan:

-Lokalak: Sutegi, Kale Nagusia 4ko lokala, Santuenean eta Aginagan Udalak dituen lokalak.
-Leku publikoak: Usurbil, Zubieta eta Aginagako frontoiak.

 

Informazio gehiago: Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala, apirilak 16
Hauteskunde kanpainara aurkeztu diren hautagai zerrendak, hemen: Estatuko Aldizkari Ofiziala
Europako hauteskundeei buruzko informazio gehiago: Hauteskunde Europarrak 2014

Argazkia eta lehen kartel pegada
Hauteskunde kanpaina honen baitan, Usurbilen momentuz, EH Bildu da ekitaldiak deitu dituen eragile bakarra. Lehenengo hitzordua, ostiral honetarako deitu dute, 19:00etan Dema plazan. Kartel pegadari ekingo diote jai giroan Udalak jarriak izango dituen paneletan, eta taldeko argazki bat ere ateratzekoak dira. EH Bilduren hautagaitzari babesa adieraziko dion hitzordura gerturatzeko gonbita luzatzen diete herritarrei. Bigarren ekitaldia, maiatzaren 16rako deitu dute, 20:00etan frontoian. Joseba Alvarezek parte hartuko du.

 



Europako hauteskundeetarako egutegia

Maiatzak 9-23: hauteskunde kanpaina.
Maiatzak 22 arte: posta bidez bozkatzeko aukera.
Maiatzak 24: hausnarketarako eguna.
Maiatzak 25: bozketa eguna, 9:00-20:00 artean.