Senior mutilen futbol taldearen final handia igandean Berion, igoera dute jokoan

Noaua Aldizkaria 2014ko mai. 9a, 11:48

Igande arratsaldeko 17:00etan izango da, Donostiako Berio futbol zelaian. Santo Tomas Lizeoa izango dute aurkari. Usurbil FT-ko senior taldeak, neurketa erabakior hau irabaziko balu, Ohorezko Mailara igoko da. Final handi honetara joateko autobusa antolatu du futbol taldeen bilguneak. Igande arratsaldeko 16:15etan irtengo da, Oiardo Kiroldegi aurretik. Autobusean izen emateko zerrendak Aitzaga eta Bordatxo tabernetan jarri ditu Usurbil FT-k. Ostiral arratsalde honetara arteko epea dago izen emateko.

Jokalarien lagun, senide, zaletu eta herritarrei oro har, Beriora gerturatzeko gonbita luzatzen zaie; “Atera kamiseta gorriak armairutik eta etorri taldea animatzera!”. Senior taldeko entrenatzaile Mikel Rotetak ere herritarrak Beriora joatera deitzen ditu. "Usurbildarrak, azkeneko partidan bezala, taldeari babesa agertzera deitzen ditut. Taldeak asko nabaritu eta sentitzen baitu. Aukera zoragarria izango da igande honetakoa, denon artean Usurbil gorago eramateko. Denen bultzada behar dugu", adierazi dio NOAUA!ri eskainitako elkarrizketan: http://www.noaua.eus/aldizkaria/?magazine=527

Senior taldeak bi final handi jokatu behar zituen aste hauetan. Lehenengoa iragan larunbatean jokatu eta irabazi egin zuten. "Euren gogo eta grinari esker norgehiagokari buelta emateko gai izan ziren, 0-1 galtzen joan ondoren 3-1 irabazita. Jokalariek herriko zaleen berotasuna eta indarra jasotzeko aukera izan zuten, Haraneko zelaia bete baitzen", berri eman dute Usurbil FT-tik. Igande honetakoan ere nagusituko balira, Ohorezko Mailan jokatuko du taldeak, datorren 2014-15 denboraldian. "Nahiz eta etxetik kanpo izango den ea pasa den asteburuan bezalako giroa lortzerik dugun", diote futbol taldeen bilgunetik. 

Jubenil mutilen neurketa
Final handi horren bezperan, larunbat honetan, asteburuan Haranen iragarria dagoen futbol partida bakarra jokatuko dute jubenil mutilek, arratsaldeko 15:30etan hasita, Vasconia C.D. taldekoen aurka.