Lehen kartel pegadarekin abiatu du Usurbilgo EH Bilduk, hauteskunde kanpaina

Noaua Aldizkaria 2014ko mai. 9a, 21:00



Martxan da maiatzaren 25eko Europako hauteskundeetarako kanpaina. Bi asteko tartea dute aurretik eragile politikoek, herritarren bozkak eskatzeko. Usurbilen, EH Bilduk lehen ekitaldia burutu du gaur arratsaldean, hauteskundeetako kanpainarako, Kaxkoan zehar jarrita dauden paneletan egin duen lehen kartel pegadarekin. Tritikilariek lagunduta osatu dute herri erdigunean zehar egin duten ibilbidea. Besteak beste, Usurbilgo Udalean koalizioak dituen udal ordezkariek parte hartu dute; Mertxe Aizpurua alkateak edota Alaitz Aizpurua, Jone Urdanpilleta, Iñaki Ugarte, Joxe Ramon Furundarena eta Eustakio Arrojeria zinegotziek. Baita Foru Aldundian eta Madrilgo Diputatuen Kongresuan, Bilduk eta Amaiurrek hurrenez hurren dituen ordezkari usurbildarrek ere: Garbiñe eta Xabier Mikel Errekondok. Eta baita zenbait herritarrek ere. Dema plazan amaitu duten hauteskunde kanpainako lehen ekitaldi amaieran, taldeko argazkia atera dute guztiek.

Hitzordu honekin, EH Bilduk Europako hauteskundeetarako aurkeztu duen hautagai Josu Juaristiri babesa adierazi diote. Momentuz, beste ekitaldi bat deitua du koalizioak, datorren ostiralerako, maiatzaren 16rako, 20:00etan frontoian. Hizlari lanetan jardungo du Joseba Alvarezek. Oraingoz, hilaren 23ra arte luzatuko den kanpainarako beste ekitaldirik ez da deitu Usurbilen.