Senior mutilen futbol taldearen final handia, 17:00etan Berion

Noaua Aldizkaria 2014ko mai. 11a, 08:20

Santo Tomas Lizeoa izango dute aurkari, 17:00etatik aurrera Donostiako Berio futbol zelaian. Usurbil FT-ko senior taldeak, neurketa erabakior hau irabaziko balu, Ohorezko Mailara igoko da. Final handi honetara joateko autobusa antolatu du futbol taldeen bilguneak. Arratsaldeko 16:15etan irtengo da, Oiardo Kiroldegi aurretik. 

Jokalarien lagun, senide, zaletu eta herritarrei oro har, Beriora gerturatzeko gonbita luzatzen zaie; “Atera kamiseta gorriak armairutik eta etorri taldea animatzera!”. Senior taldeko entrenatzaile Mikel Rotetak ere herritarrak Beriora joatera deitzen ditu. "Usurbildarrak, azkeneko partidan bezala, taldeari babesa agertzera deitzen ditut. Taldeak asko nabaritu eta sentitzen baitu. Aukera zoragarria izango da igande honetakoa, denon artean Usurbil gorago eramateko. Denen bultzada behar dugu", adierazi dio NOAUA!ri eskainitako elkarrizketan: http://www.noaua.eus/aldizkaria/?magazine=527

Senior taldeak bi final handi jokatu behar zituen aste hauetan. Lehenengoa iragan larunbatean jokatu eta irabazi egin zuten. "Euren gogo eta grinari esker norgehiagokari buelta emateko gai izan ziren, 0-1 galtzen joan ondoren 3-1 irabazita. Jokalariek herriko zaleen berotasuna eta indarra jasotzeko aukera izan zuten, Haraneko zelaia bete baitzen", berri eman dute Usurbil FT-tik. Igande honetakoan ere nagusituko balira, Ohorezko Mailan jokatuko du taldeak, datorren 2014-15 denboraldian. "Nahiz eta etxetik kanpo izango den ea pasa den asteburuan bezalako giroa lortzerik dugun", diote futbol taldeen bilgunetik.