XVI. mendeko dolare-baserri batek zenbaterako eman dezakeen. Larunbat honetan, Aginagako Sariaaundira antolatu dugun bisita gidatua oso berezia izan da. Bertaratu direnek ez dute berehalakoan ahaztuko. Mendeetan atzera egiteko aukera izan dugu, Jakoba Errekondo paisajistak eskaini dizkigun eraikinaren inguruko argibideei esker. Dolare-baserriaren kanpoko eta barneko edertasunaz gozatzeko aukera izan dute bisitariek. Eta barruan, ezustekoa. Dantza eta musika ikuskizun emanaldi bereziak.
Eneko Balerdi dantzari aiarrak, dantza garaikideko emanaldi paregabea eskaini du. Bisita gidatuari loturiko dantza eta musika emanaldi honekin, mendeetan atzera egin ahal izan dugu une batez. Baita Attrium musika taldekoekin ere. Ainhoa Franco (ahotsa), Jurdana Otxoa (bibolina) eta Maider Zapirain (txeloa) hirukotearen saioak publikoa hunkitu du. Emanaldion zenbait bideo ikusgai dituzue, web orrialde honetako NOAUA TB atalean. Bisita gidatu ederra, errepikatzeko modukoa zalantzarik gabe.