Igandeko XXXIII. Sagardo Egunerako zerbitzariak behar dira

Noaua Aldizkaria 2014ko mai. 12a, 12:41

Zerbitzariak behar dira maiatzaren 18ko XXXIII. Sagardo Egunerako, frontoi eta Dema plaza bueltan jarriko diren postuetan sagardoa banatzeko. Animatzen zaretenok, igande goizeko 8:00etan frontoira gerturatu. Ez ahaztu, egoki jantzita agertu behar da.

Aurtengoan, ziurrenik bereziki frontoiko babesetik kanpo geratzen diren postuetan euritakoen beharrik ez dute izango zerbitzariek. Egunetik egunera eguraldi iragarpenak aldatu ohi diren arren, momentuz badirudi, aspaldiko partez prezipitaziorik ez dela izango datorren Sagardo Egunean. Giro eguzkitsu izango omen dugu. 

Eguraldi hobea edo kaxkarragoa izanda ere, Sagardo Eguneko ospakizunek ez dute hutsik egingo maiatzaren 18an. 11:30etako hasiera ekitaldiarekin batera lehertuko da jai giroa. 

Jai guneak
Igandeko sagardo festa ohiko jai gune nagusietara hedatuko da; frontoira, Dema, Askatasuna eta Mikel Laboa plazetara. Baserriko, labeldun, eta Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteko edariak dastatu ahal izango dira. Tartean, Aginaga, Zubieta eta Usurbilgoak. Honatx, maiatzaren 18ko egitaraua:

Goizean zehar, “Usurbilgo baserrietako dolareen argazkiak” erakusketa, Sutegiko aretoan.
11:30 Hasiera ekitaldia.

Baserriko, Labeldun eta Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteko sagardoa dastatzeko aukera. Honetaz gain, pintxo aukera zabala.
17:00 Erromeria, “Ingo al deu” taldearekin  frontoian.

Arratsaldean, “Elektro Patxaranga” kaleetan zehar.


Karpa, Mikel Laboa plazan
Iaz bezala, igandeko Sagardo Egunerako karpa gunea antolatu du Usurbilgo Ernaik, Mikel Laboa plazan. Jatekoa, edatekoa  izango dituzte, eta zenbait ekimen burutuko dira bertan:

11:00
 Txosnaren irekiera.
13:00 Euskal preso eta iheslarien eskubideen aldeko ekimena. Frontoi atzetik giza-katea Askatasuna plazako bolatoki gaineko terrazara. Bertan, presoen eskubideen aldeko txotx egitea. Deitzailea: Usurbilen Nahi Ditugu.
19:00 Kontzertuak: Desegin herriko taldea eta erromeria giroa Itzartu taldearekin.
Oharra: eguerdian taloak egongo dira eta ilunabarrean zizka mizkak.

Antolatzailea: Ernai Usurbil.