Igoera lortu dute Usurbil FT-ko senior mutilek, atzo jokatu zen Donostiako Berio futbol zelaiko final handia irabazi ostean. 1-4, Santo Tomas Lizeoko taldearen aurka jokaturiko partidako azken emaitza. Neurketa galtzen hasi ziren usurbildarrak, lehen zatian partida hasi eta gutxira sartu baitzuten Santo Tomas Lizeokoek euren lehen eta bakarra izango zen gola. Hortik aurrera etorriko zen, taldea garaipenerantz eraman zituen lau golak. Lehen zatian, tarte gehienean bana berdinduta joan ziren bi taldeak. Bigarrenean etorri zen errematea, Andoni Azkonobietaren, Karlosen eta Ugaitzen golekin. 1-4 azken emaitza. Helburua beteta. Mikel Rotetak zuzenduriko futbol taldeak, Ohorezko Mailan jokatuko du 2014-2015 denboraldian. Zorionak!
Etxekoen babes handia
Nabaria zen usurbildarren presentzia, atzoko final handian. Batzuk autoz bertaratu ziren Beriora. Usurbil FT-k antolatuta, etxeko futbolariei animatzera joateko autobus bat ere osatu zen. Futbol zelaiko buelta osoan, futbol taldeko zuzendaritzako kideak, jokalarien senide eta lagunak, zaletuak, herritarrak bildu ziren. Usurbildarren ahotsa nagusitu zen Berion, arbitroaren jokabidea zalantzan jartzerakoan, baina batez ere, jokalariei babesa eta animuak adierazterakoan. Partida amaieran, jai giroa lehertu zen Mikel Rotetak zuzenduriko taldean. Festa giroak Usurbilen jarraitu zuen, harrera ofiziala antolatu baizitzaien txapeldunei, Mikel Laboa plaza ondoko errotondan.