Udal langileek egin beharreko lan batzuk tarteko, Santueneko zubia trafikoarentzat itxita egongo da asteazken honetan, maiatzaren 14an, goizeko 9:00etatik eguerdiko 12:30etara. Abiadura mugatzeko koxkak jartzekoak dira. "Obrak ahalik eta azkarren eta txukunen burutzen saiatuko gara. Jendeari eskertuko zaio, beraien esku dagoen neurrian, gauzak errazten eta laguntzen ahalegintzen badira", ohartarazi dute Usurbilgo Udaletik.
Kaxko inguruko hainbat kale itxita autoentzat, Sagardo Egunean
Egun mugitua izango da igande honetakoa. Maiatzaren 18an, XXXIII. Sagardo Eguna ospatuko da Usurbilen, baita eskubaloiko igoera faseen amaiera ere. Jendetza espero denez, herri erdigunean bizi direnei ahal den neurrian, kotxea ez hartzeko deia egiten zaie Udaltzaingotik. Egun horretarako plan berezia prestatzen ari dira. Ohi bezala, ibilgailuen joan etorrirako zenbait kale itxita egongo dira eta autobus geltokia ere lekuz aldatuko dute, hilaren 18an.
Urtero moduan, goizeko 10:00ak aldera, Oxtape aldetik Kale Nagusirantz doan sarrera trafikoarentzako itxi egingo dute udaltzainek. Honenbestez, herrira datozen ibilgailuak Zumartegi eta Osinalde industria guneetara bideratuko dituzte. Nagusia ez da trafikoarentzat itxiko duten kale bakarra izango. Bizkarre, Zubiaurrenea, Puntapax, San Inazio eta Alperroburu (zati bat) kaleak, baita Gernika ibilbidea ere ibilgailuentzako itxita egongo baitira.
Autobusa hartzeko, San Inaziora
Autobusa hartu behar duzuenok adi. Kale itxieron eraginez, lekuz aldatuko baitute bus geltokia. Donostiatik Orio aldera doazen autobusak ez dute Kale Nagusia zeharkatuko. San Inazioko errotondan geratuko dira. Oriotik datozen autobusetara bai, ohiko lekuan igo ahal izango da, Txaramuntoko alokairu sozialeko etxebizitzen ondoan.
Sagardo Egunaz gain, senior eskubaloi taldeen igoera faseko azken neurketak jokatuko dira igande goizean. Usurbildarrez aparte, kanpotik hainbat talde datoz autobusez Usurbila. Maiatzaren 18an, autobusok Kiroldegitik ahalik eta leku gertuenera, Agerialdeko errotondara bideratuko dituzte, Udaltzaingotik berri eman dutenez.