Apirilean beherantz berriz, azken bi hileotan 385etik 365era jaitsi da Usurbilgo langabezia-tasa

Noaua Aldizkaria 2014ko mai. 14a, 19:04

2013. urtean izandako joera errepikatzen ari da. Otsailean krisialdia hasi zenetik inoizko kopuru altuena erregistratu ostean, azken bi hilabeteotan beherantz egin du langabezia-tasak Usurbilen. Otsailean 385 langabetu zenbatu zituen Estatuko Enplegu Zerbitzuak, martxoan 377. Azken datua, kaleratu berri dena, apirilekoa; 365 langabetu. Bi hilabeteko tartean beraz, 20 langabetu gutxiago zenbatu dituzte udalerri honetan. 

Beherakada, bai gizonezko zein emakumezko langabetuen kopuruan, ia sektore eta adin tarte guztietan nabarmendu da, 45 urtetik gorakoen kolektiboan izan ezik. Tarte honetan, martxoko kopuruetan mantentzen baita lanik gabe dagoen herritar kopurua. Sektoreka, beherakadak beherakada, zerbitzuetan segitzen du langabetu kopuru poltsa handienak.

Beherakada orokorra da baita Buruntzaldean eta Gipuzkoan ere. Andoain, Astigarraga, Hernani, Lasarte, Urnieta eta Usurbilen guztira, 5.104 langabetu zenbatu zituen Estatuko Enplegu Zerbitzuak apirilean. Martxoan baino 125 langabetu gutxiago. Herrialde mailan ere behera; Gipuzkoan 49.592 langabetu martxoan, apirilean 458 gutxiago, 49.134.

Kontratazioa ere behera
Langabezia tasa igo izan denean, kontratazioak ere gora egin izan du. Oraingoan, langabetu kopuruak behera egin duen honetan, kontratazioak ere behera egin du. Martxoan 313 lan kontratu erregistratu ziren Usurbilen. Apirilean, 30 gutxiago, 283. Gehienak, ohi bezala, aldi baterako eta zerbitzuen sektorean. Kontratazioan izan den beherakadak, dezente murriztu du joan den hilean, kontrataturiko emakumezko eta gizonezko kopuruen artean martxoan zegoen aldea. Ia guztiz orekatzeraino. Emakumezkoen datua kasik bere horretan mantendu den horretan, gizonezkoen kontratazioa nabarmen jaitsi da apirilean. Ikusi bestela:
-Martxoan: erregistraturiko 173 lan kontratu gizonezkoenak, 140 emakumezkoenak.
-Apirilean: 144 lan kontratu gizonezkoenak, 139 emakumezkoenak.

Apirileko langabezia datuak:
 
Usurbil: 365.         Buruntzaldea: 5.104.         Gipuzkoa: 49.134.

Sexuaren eta adinaren arabera
Emakumezkoak: 198.
25 urtetik behera: 9.
25-44 urte artean: 104.
45 urtetik gora: 85.

Gizonezkoak: 167 .
25 urtetik behera: 6.
25-44 urte artean: 92.
45 urtetik gora: 69.
 
Sektorearen arabera
Nekazaritza: 5.
Industria: 63.
Eraikuntza: 42.
Zerbitzuak: 238.
Aurretik lanik gabe: 17.

Erregistraturiko lan kontratuak
Guztira: 283.
Aldi baterakoak: 264.
Zerbitzuen sektorean: 212.
Sexuaren arabera: 144 lan kontratu gizonezkoenak, 139 emakumezkoenak.

Langabezia Buruntzaldean
Andoain: 1.113.
Astigarraga: 377.
Hernani: 1.424.
Lasarte-Oria: 1.435.
Urnieta: 390.
Usurbil: 365.
Guztira: 5.104.

Langabezia Gipuzkoan
Guztira: 49.134.