Amaitu dituzte lanak, Santueneko zubia irekita berriz ibilgailuentzat

Noaua Aldizkaria 2014ko mai. 14a, 14:35

          
Ibilgailuentzat itxita egon da Santueneko zubia gaur goizean. Abiadura mugatzeko koxkak jarri behar zituzten udal langileek. Amaitu dituzte lanak, eta aipatu moduan, zubia irekita dago berriz ibilgailuentzat.

Kaxko inguruko hainbat kale itxita autoentzat, Sagardo Egunean
Trafikoari loturiko beste ohar garrantzitsuak. Egun mugitua izango da igande honetakoa. Maiatzaren 18an, XXXIII. Sagardo Eguna ospatuko da Usurbilen, baita eskubaloiko igoera faseen amaiera ere. Jendetza espero denez, herri erdigunean bizi direnei ahal den neurrian, kotxea ez hartzeko deia egiten zaie Udaltzaingotik. Egun horretarako plan berezia prestatzen ari dira. Ohi bezala, ibilgailuen joan etorrirako zenbait kale itxita egongo dira eta autobus geltokia ere lekuz aldatuko dute, hilaren 18an. 

Urtero moduan, goizeko 10:00ak aldera, Oxtape aldetik Kale Nagusirantz doan sarrera trafikoarentzako itxi egingo dute udaltzainek. Honenbestez, herrira datozen ibilgailuak Zumartegi eta Osinalde industria guneetara bideratuko dituzte. Nagusia ez da trafikoarentzat itxiko duten kale bakarra izango. Bizkarre, Zubiaurrenea, Puntapax, San Inazio eta Alperroburu (zati bat) kaleak, baita Gernika ibilbidea ere ibilgailuentzako itxita egongo baitira. 

Autobusa hartzeko, San Inaziora
Autobusa hartu behar duzuenok adi. Kale itxieron eraginez, lekuz aldatuko baitute bus geltokia. Donostiatik Orio aldera doazen autobusak ez dute Kale Nagusia zeharkatuko. San Inazioko errotondan geratuko dira. Oriotik datozen autobusetara bai, ohiko lekuan igo ahal izango da, Txaramuntoko alokairu sozialeko etxebizitzen ondoan.

Sagardo Egunaz gain, senior eskubaloi taldeen igoera faseko azken neurketak jokatuko dira igande goizean. Usurbildarrez aparte, kanpotik hainbat talde datoz autobusez Usurbila. Maiatzaren 18an, autobusok Kiroldegitik ahalik eta leku gertuenera, Agerialdeko errotondara bideratuko dituzte, Udaltzaingotik berri eman dutenez.