Amaiera bikaina eman nahi dio Hurbilago Elkarteak, bigarren denboraldia osatzear duen Tipi-Tapa egitasmoari. Pintxo zaleentzako opari ederra prestatzen ari dira ikasturte amaierako azken ibilbide gastronomikorako, ekainaren 1erako. Orain arte, garaiko produktu bati lotuta prestatu dituzte zizka-mizka bereziak, Txapeldun, Artzabal, Xarma, Bordatxo, Txirristra, Aitzaga eta Txiribogako sukaldeetan.
Ekaineko lehen igandean, orain arteko ohiturekin haustera doaz tabernariak. Tipi-Tapa berritzaile batean parte hartzera gonbidatzen dituzte herritarrak, Ikastolaren Eguna ere ospatuko den iganderako. Munduko herriak, hauxe pintxoetarako hautatu duten gaia. Momentuz, mokadu bereziotan ordezkatuak egongo diren herrietako bi zeintzuk izango diren aurreratu dute jada Hurbilago Elkarteko kideek; Sahara eta Argentina. Baina gehiago ere izango dira, ekainaren 1ean, goizetik 15:00ak aldera arte. Gogoratu, edaria eta pintxoa, 2 euroren truke. Eta ez ahaztu Tipi-Tapa txartela eskuan izateaz. Eskuratu zazpi tabernetako zigiluak eta utzi txartela, aipatu edaritegiotako kaxetako batean. Ekainaren 1ean, 15:00ak aldera, Txiribogan egingo den 150 euroko erosketa balearen zozketan parte hartuko ahalko duzue.