Gidabaimena euskaraz ateratzea sustatzeko kanpaina berria abian

Noaua Aldizkaria 2014ko mai. 14a, 19:02



Ibilgailu eta guzti etorri dira gaur Buruntzaldeko hainbat auto-eskoletako ordezkari, Zubietako hipodromo ondoko aparkalekura. Eguneroko euren martxa eten dute, hedabideen aurrera agertu eta Andoain, Astigarraga, Hernani, Lasarte, Urnieta eta Usurbilgo herritarrak, gidabaimena euskaraz ateratzera gonbidatzeko. Bada denbora, Buruntzaldeko udalekin elkarlanean dabiltzala, Andoaingo Bengoetxea eta Mendi; Loiolako Otamendi, Hernaniko Hernani, Lagunak eta Otamendi; Lasarte-Oriako Izarra, Lasarte eta Mugica; eta Urnietako eta Usurbilgo Solozabal auto eskolak.

Geroz eta jendetsuagoa da, gidabaimenaren zati teorikoa euskaraz prestatu eta azterketa ere hizkuntza berean egiteko hautua egiten duen ikasle kopurua. Iaz 135 izan ziren Buruntzalde osoan eta aurrera begira, urtez urte zifra hau hazten joatea espero dute kanpainako sustatzaileek; Buruntzaldeko udal eta aipaturiko auto-eskolek.

400 euroko saria
Gidabaimena euskaraz ateratzeak badu pizgarririk. Zati teorikoko gastuak ordaintzeko adina diru, gehienez 400 euroko saria irabazi daiteke. Urte honetan zehar gidabaimena euskaraz prestatzen duzuenon artean, 400 euroko 11 sari zozketatuko dira 2015eko urtarrilean. Buruntzaldeko udalerri bakoitzean dagoen auto-eskola kopurua aintzakotzat hartuta, Andoainen 400 euroko 2 sari emango dira, Astigarragan 1, Hernanin 3, Lasarte-Orian 3, Urnietan 1, eta Usurbilen 1 hurrengo urte hasieran.

Abiatu berri duten kanpainaren edizio honi begira, egitasmo honi buruzko informazioa helaraziko zaie aurten 18 urte beteko dituzten gazteei. Halere, xehetasun gehiagoren berri jaso dezake herritar orok, sektorea euskalduntzeko egitasmo honekin bat egin duten auto-eskoletan.