Badatoz 2014ko jaiak. Bira hastera doa, XXXIII. Sagardo Egunarekin igandean. Gero auzoen txanda. Festa giroz mozorrotzen lehena, Kalezar izango da, ekainaren 24aren bueltan. San Joanetako ekitaldien artean, urtero moduan, Umeen Eguna ospatuko dute. Eguna bera antolatzeko bilera deitu dute, datorren astearterako, maiatzaren 20rako, 18:30etan elkarteko mahaietan.
Egitarau diseinu txapelketa
Santixabelei begira Jai Batzordeak antolatu duen lehiaketarako diseinu lanak aurkezteko azken eguna duzue gaur, maiatzaren 15a. Lanak Usurbilgo Udaleko erregistrora helarazi behar dira, edo bestela, postaz bidali helbide honetara:
Usurbilgo Udala
Kultura Saila
Jose Martin Sagardia Plaza z.g.
20170 Usurbil
Jai Batzordeko eta diseinu arloan ezagutza duten bina kidek eta kultura zinegotziak osaturiko epaimahaiak erabakiko du, egitarau diseinu lehiaketako lan saritua. Txapeldunak, 500 euroko saria jasoko du eta noski, eginiko lanaren emaitza herritar guztien eskutara helduko da. Usurbilgo Udalak antolaturiko ekimen honen xedea hain zuzen, uztailaren 1etik 6ra ospatuko diren herriko festen egitarauari formatua, euskarria, eta finean, forma eta itxura ematea baita.
Egitarau diseinu lehiaketaren oinarrien berri, hemen: http://kultura.usurbil.net/edukiak/deskargak/564786_LEHIAKETA%20OINARRIAK%202014.pdf
Argibide gehiago: 943 371 999 edo kultura@usurbil.net
Txupinazorako proposamen bilketa martxan
Maiatzaren 30era arteko tartea duzue buruari eragin eta zuen proposamena aurkezteko. Gogoan izan, uztailaren 1etik 6ra ospatuko diren herriko festen txupinazoa nork jaurti, hauxe da erabaki behar duzuena. Jai Batzordeak usurbildarron esku utzi du iaz bezala, Santixabelei hasiera emango dien suziria pizteko ardura nori eman hautatzea. Zuen proposamenak, kultura@usurbil.net helbidera bidal ditzakezue. Bestela, Potxoeneara edo Sutegi udal liburutegira helarazi. Aipatu moduan, maiatzaren 30a baino lehen.
Azken urteotan, txupinazoa jaurti dutenen artean ditugu, Usurbilgo DYA, Atzegiko kideak, Usurbil Zero Zabor taldekoak... Iaz bezala, zuen proposamenen artean hautatuko dira 2014ko Santixabelen hasiera ekitaldiko parte hartzaileak.