Sagardo Eguneko berri, astekariko gehigarri berezian

Noaua Aldizkaria 2014ko mai. 15a, 11:27

Ate joka dugun XXXIII. Sagardo Egunaren inguruan jakin beharreko guztia, aste honetan kaleraturiko NOAUA!rekin batera eskuragarri duzuen gehigarri berezian aurkituko duzue: Sagardo Eguna 2014

Sagardo Egunaren Lagunak taldekoek antolatu dituzten ekitaldiak, edizio berri honetara gonbidatu dituzten sagardo etxeen berri, Mikel Laboa plazan Ernaik kokatuko duen txoznako egitaraua... Gerturatzen ari den maiatzaren 18ko hitzordu guztiak 573. NOAUA!ren gehigarri berezian. Etxean egunotan jasoko duzue papereko edizioa, baina albiste honetako loturan klikatuta ere, osotasunean irakur dezakezue argitalpen berezia.

Gogoan izan, iaz bezala, igandeko Sagardo Eguna ere, II. Sagastiak Loretan ekitaldi zikloaren baitan ospatuko dela. Sagarrondoen loraldiari gorazarre egiten dion ekimenari lotuta, usurbildarren jai egun handiaz gain, beste zenbait hitzordu ere deitu dira. Horien artean, bat Sagardo Egun bezperarako. Maiatzaren 17an, Saizarren ospatuko den Fernando Vadillo enologoak bideratuko duen sagardo dastatze gidatuaz eta afariaz ari gara. Bertaratu asmo duzuenok, egin erreserba aurrez, 943 36 45 97 telefono zenbakira deituta. Vadillori eginiko elkarrizketa ere badakar Sagardo Eguneko gehigarri bereziak. Edota Sagastiak Loretan zikloko hurrengo ekitaldien agenda baita.