Usurbil, igandeko XXXIII. Sagardo Egunerako prestatzen hasia da. Ostegun arratsalde honetan Ernaik antolaturiko karpa gunea eraikitzen hasi dira Mikel Laboa plazan. Gogoan izan, maiatzaren 18an egun osoz irekita egongo dela gunea, goizeko 11:00etatik aurrera. Honatx frontoi atzeko txosna gunerako deitu dituzten ekitaldiak:
11:00 Txosnaren irekiera.
13:00 Euskal preso eta iheslarien eskubideen aldeko ekimena. Frontoi atzetik giza-katea Askatasuna plazako bolatoki gaineko terrazara. Bertan, presoen eskubideen aldeko txotx egitea. Deitzailea: Usurbilen Nahi Ditugu.
19:00 Kontzertuak: Desegin herriko taldea eta erromeria giroa Itzartu taldearekin.
Oharra: eguerdian taloak egongo dira eta ilunabarrean zizka mizkak.
Antolatzailea: Ernai Usurbil.
Eguraldi ederra dator
Ostegun honetan ere hainbat taberna atarietan nabaria zen edaritegiak hornitzeaz arduratu ohi diren ibilgailuen joan etorriak. Edatekoa beharko da igandean, iragarpenen arabera, aspaldiko partez, eguraldi eguzkitsua espero da eta. Bihartik aurrera, frontoi eta Dema plaza inguruak ere, usurbildarren jai kuttunenerako nola itxuraldatzen diren ikusiko dugu.