Kaxkoko hainbat kale ibilgailuentzat itxita Sagardo Egunean, adi udaltzainen oharrei

Noaua Aldizkaria 2014ko mai. 16a, 11:29



Egun mugitua izango da igande honetakoa. Maiatzaren 18an, XXXIII. Sagardo Eguna ospatuko da Usurbilen, baita eskubaloiko igoera faseen azken neurketak ere. Eguraldi bikaina espero da, eta jendetza Usurbilgo kaleetan. Herri erdigunean bizi direnei ahal den neurrian, kotxea ez hartzeko deia egiten zaie Udaltzaingotik. Egun horretarako plan berezia prestatzen ari dira. Ohi bezala, ibilgailuen joan etorrirako zenbait kale itxita egongo dira eta autobus geltokia ere lekuz aldatuko dute, hilaren 18an. Oinezkoena izango da Kaxkoa, jai egun handian.

 

Urtero moduan, goizeko 10:00ak aldera, Oxtape aldetik Kale Nagusirantz doan sarrera trafikoarentzako itxi egingo dute udaltzainek. Honenbestez, herrira datozen ibilgailuak Zumartegi eta Osinalde industria guneetara bideratuko dituzte. Nagusia ez da trafikoarentzat itxiko duten kale bakarra izango. Bizkarre, Zubiaurrenea, Puntapax, San Inazio eta Alperroburu (zati bat) kaleak, baita Gernika ibilbidea ere ibilgailuentzako itxita egongo baitira. Udaltzaingotik bidali diguten irudian nabarmenduak ageri dira, ibilgailuentzat itxiko diren kaleak.

 

Autobusa hartzeko, San Inaziora
Maiatzaren 18an autobusa hartu behar duzuenok adi. Kale itxieron eraginez, lekuz aldatuko baitute bus geltokia. Donostiatik Orio aldera doazen autobusak ez dute Kale Nagusia zeharkatuko. San Inazioko errotondan geratuko dira. Oriotik datozen autobusetara bai, ohiko lekuan igo ahal izango da, Txaramuntoko alokairu sozialeko etxebizitzen ondoan.

 

Sagardo Egunaz gain, senior eskubaloi taldeen igoera faseko azken neurketak jokatuko dira igande goizean. Usurbildarrez aparte, kanpotik hainbat talde datoz autobusez Usurbila. Maiatzaren 18an, autobusok Kiroldegitik ahalik eta leku gertuenera, Agerialdeko errotondara bideratuko dituzte, Udaltzaingotik berri eman dutenez.