Sagardo etxeen berri ematen duten txartelak zintzilikatzen duen egitura prest, frontoiko harmailak, Dema plaza atzera alboratuak, oholtza jarria pilotalekuan... Sagardo festa gertu dugun seinaleak dira. Usurbildarren festa kuttunenerako bi egun baino geratzen ez diren honetan, Kaxkoa itxuraldatzen ari da jada. Prestaketa lanetan murgilduak dira antolatzaileak.
Egun eguzkitsu eta jendetsua izatea espero da
Igande goizeko 11:30etan frontoian. Une honetan ospatuko den hasiera ekitaldiarekin abiatuko da, jendetza biltzea aurreikusten den XXXIII. Sagardo Eguna. Ez baita ahaztu behar, batetik, eskubaloiko igoera faseen azken neurketa egunarekin egokitu dela sagardo festa. Eta hori gutxi ez eta, bada nabarmendu beharreko beste kontu bat; eguraldia. Azken urteotako giro traketsaren ostean, azkenean, eguzkia irtengo da maiatzaren 18ko jaialdian. Azken edizio hauetan, euritakoa eta aterkia eskutan izanda gerturatu beharra zegoen Kaxkora. Aurten, ziurrenik, erredurak saihesteko eguzkitako krema beharko da. Hala dio Euskalmet-ek:
"Igandean tenperaturaren igoera nabarituko dugu batez ere. Haizea jada hegoaldetik etorriko da eta ondorioz, tenperatura dezente igoko da. Zerua, beste egun batez, oskarbi azalduko da egun osoz. Termometroak 25 ºC-ra helduko dira toki gehienetan, eta kostaldean, arratsaldean brisa dela eta, apur bat freskatuko du". 25 gradurainoko tenperatura maximoak espero dira maiatzaren 18rako. Atera kontuak. Berri pozgarria, antolatzaileentzat batez ere, eta baita festa egunari begira ere. Aurten bai, ohiko lekuetan, inolako trabarik gabe gozatu ahal izango baita Sagardo Egunaz.
Goizean, bertako eta Gipuzkoako sagardo etxeek ekoitzitako edari preziatua dastatu ahalko da, frontoian, Dema eta Askatasuna plazetan. Pintxoak ahoratzearekin batera. Arratsalde partean, kalejira Elektropatxaranga taldearekin eta Ingo al deu frontoian, erromeri giroa pizteko prest.
Lagundu sagardoa zerbitzatzen
Bertatik zein kanpotik etor daitezkeen bisitarien sagardo egarria asetzeko, laguntza behar dute Sagardo Egunaren Lagunak taldekoek, igande honetan, maiatzaren 18ko usurbildarren festa egun handian. Sagardo botatzaileak alegia, frontoi edota Askatasuna zein Dema plaza inguruetan jarriko dituzten etxe desberdinetako edari preziatua dastatzeko postuetan lan egiteko. Animatzen zaretenok, igande goizeko 8:00etan frontoira gerturatu. Ez ahaztu, egoki jantzita agertu behar da.
Maiatzak 18, igandea
Goizean zehar, “Usurbilgo baserrietako dolareen argazkiak” erakusketa, Sutegiko aretoan.
11:30 Hasiera ekitaldia.
Baserriko, Labeldun eta Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteko sagardoa dastatzeko aukera. Honetaz gain, pintxo aukera zabala.
17:00 Erromeria, “Ingo al deu” taldearekin frontoian.
Arratsaldean, “Elektro Patxaranga” kaleetan zehar.
Antolatzailea: Sagardo Egunaren Lagunak.