Gure Esku Dago taldekoen mahaia Kaxkoan, 11:00etatik 14:00etara

Noaua Aldizkaria 2014ko mai. 18a, 07:10


Igande goiz honetako 11:00etatik 14:00etara Kaxkoan mahaia jarriko dute Gure Esku Dago lan taldekoek. Ate joka dugun ekainaren 8ko giza-katerako izena eman ahalko da bertan. Herritar bakoitzak 5 eurotan erosi dezake metroa. Gogoan izan, 400 usurbildar biltzeko erronka jarri zuen urte hasieran Usurbilgo Gure Esku Dago taldeak. Erronka gainditu zuten, eta 500 atxikimendu biltzeko kanpaina abiatu zuten gero. Adi, helburu hau betetzeko ere askorik ez zaie eta falta. “Ez dugu lau haizetara ozen zabaldu oraindik, baina zerbait jakin nahi? Gutxi, oso gutxi, falta zaigu Baietz 500! erronka betetzeko...”, adierazi dute.

Giza-katerako izena eman soilik ez, Gure Esku Dago lan taldeak ateratako kamisetak ere erosi ahalko dira euren informazio mahaian. “Azken asteetan kamisetagatik hurbildutako asko joan dira esku hutsik neurri oso gutxi genituelako. Eta azkenean, berriak jaso ditugu: neurri berriak eta kolore berriekin!”, berri eman dute, NOAUA!ko Komunitatearen bidez.

Bilera eta giza-kate herrikoia, maiatzaren 23an
Giza-kate historikorako hilabete baino gutxiago falta da. Adi, nobedade garrantzitsu baten berri eman baitu Gure Esku Dago lan taldeak. Ekimen berezi honetan izena eman duten aginagar, zubietar, eta usurbildarrek, ekainaren 8an, Durango eta Iruñea lotuko dituen giza-kateko eremu zehatz batera joan beharko dute, ekimen honetan parte hartzeko; Uharte-Arakilera. Maiatzaren 23an, irekiko dute, Nafarroako udalerri honetara autobusez joateko izen ematea. Egun berean, hilaren 23an, bilera informatiboa deitu dute 19:00etan Sutegin. Eta ondoren, entrenatzen joateko, giza-kate kalejira antolatu dute. “Ahal duzuenok agertu zaitezte. Gainera, bileraren ostean, "giza kate kalejira" egin nahi dugu herrian zehar, eta horren ostean jateko eta edateko zer edo zer izango dugu prest. Beraz, anima zaitezte!”, luzatu dute gonbita. Informazio gehiago: usurbilgureeskudago@gmail.com gureeskudago.net