Euskal preso eta iheslarien eskubideen aldeko giza-katea 13:00etan, txosna gunetik

Noaua Aldizkaria 2014ko mai. 18a, 07:20

Usurbilen Nahi Ditugu Elkarteak deituriko mobilizazioa, elkarretaratze batekin hasiko da eguerdiko 13:00etan, Mikel Laboa plazan kokatua egongo den karpa gunean. Ondoren, frontoi atzetik abiatuko den giza-katean parte hartzeko gonbita luzatzen dute. Asmoa, euskal presoen etxeratzea eskatzeko, txosna gunetik Askatasuna plazako bolatoki gaineko terrazarako bidea giza-katean osatzea da. "Han, presoen eta iheslarien eskubideen aldeko "txotx" berezia egingo dugu. Ekimen laburra izango da eta herritar oro gonbidatzen dugu, festan tartetxo bat hartu eta bertan parte hartzera. Era horretan, Sagardo Egunean ere gure artean nahi ditugula aldarrikatuko dugu", deitzaileek berri eman dutenez. 

Karpa, Mikel Laboa plazan
Iaz bezala, igandeko Sagardo Egun honetarako ere karpa gunea antolatu du Usurbilgo Ernaik, Mikel Laboa plazan. Jatekoa, edatekoa  izango dute bertan, eta zenbait ekimen burutuko dira. Hona hemen Sagardo Egunez, euskal preso eta iheslarien eskubideen aldeko elkartasun gunean aurkituko duzuen eskaintza:

11:00 Txosnaren irekiera.
13:00 Euskal preso eta iheslarien eskubideen aldeko ekimena. Frontoi atzetik giza-katea Askatasuna plazako bolatoki gaineko terrazara. Bertan, presoen eskubideen aldeko txotx egitea. Deitzailea: Usurbilen Nahi Ditugu.
19:00 Kontzertuak: Desegin herriko taldea eta erromeria giroa Itzartu taldearekin.
Oharra: eguerdian taloak egongo dira eta ilunabarrean zizka mizkak.

Antolatzailea: Ernai Usurbil.