Badator 2014ko jai denboraldia. Bira hastera doa, XXXIII. Sagardo Egunarekin igandean. Gero auzoen txanda. Festa giroz mozorrotzen lehena, Kalezar izango da, ekainaren 24aren bueltan. San Joanetako ekitaldien artean, urtero moduan, Umeen Eguna ospatuko dute. Eguna bera antolatzeko bilera deitu dute, datorren astearterako, maiatzaren 20rako, 18:30etan elkarteko mahaietan.
Txupinazorako proposamen bilketa martxan
Maiatzaren 30era arteko tartea duzue buruari eragin eta zuen proposamena aurkezteko. Gogoan izan, uztailaren 1etik 6ra ospatuko diren herriko festen txupinazoa nork jaurti, hauxe da erabaki behar duzuena. Jai Batzordeak usurbildarron esku utzi du iaz bezala, Santixabelei hasiera emango dien suziria pizteko ardura nori eman hautatzea. Zuen proposamenak, kultura@usurbil.net helbidera bidal ditzakezue. Bestela, Potxoeneara edo Sutegi udal liburutegira helarazi. Aipatu moduan, maiatzaren 30a baino lehen.
Azken urteotan, txupinazoa jaurti dutenen artean ditugu, Usurbilgo DYA, Atzegiko kideak, Usurbil Zero Zabor taldekoak... Iaz bezala, zuen proposamenen artean hautatuko dira 2014ko Santixabelen hasiera ekitaldiko parte hartzaileak.