Eskola handitzeari bide emango dion hitzarmena sinatu dute Usurbilgo eta Donostiako udalek. Handitze lanak bideratzeko jarraitu beharreko urratsak biltzen ditu aipatu hitzarmenak. Bi udalek lanak egiteko baimenak emango dituzte, eta Donostiakoak, lanok egiteko beharrezko dirua, bere aurrekontuetan aurreikusiko du. Proiektu honen %40a Donostiako Udalak finantzatuko du, beste %60a Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak. Presa sartu dio Donostiako Udalak Jaurlaritzari. Ahalik eta azkarren, Donostiako Udalak jasoko dituen laguntzak ebaztea eskatzen diote Gasteizi, Zubietako Eskola Txikiaren egungo egoera zein den ikusita. Naiara Sampedrok, Donostiako Udaleko Hezkuntza zinegotziak, Eusko Jaurlaritzari gogorarazi dio “presazkoa dela ebaztea zeintzuk izango diren Udalaguntzak jasoko dituzten egitasmoak, urrats horrek Zubietako eskolaren handitzea baldintzatzen duelako. Nabarmendu behar da eskola horrek eskaintzen duen zerbitzua txarra dela, eraikitako espazioa urria delako eta gabezia hori kalitate eskaseko eraikin aurrefabrikatuekin bete delako”.
Kultur Astea, begi bistan
Albistea, Zubietako Eskola Txikiko Guraso Elkarteak maiatzaren 28tik 30era antolaturiko Kultur Astearen atarian eman da ezagutzera. Honako hauek dira, ikasturte amaierari begira lotu dituzten hitzorduak:
Maiatzak 28, asteazkena
17:00 Puzgarriak eta marrazki erakusketa Kaxkapen.
Ondoren, buruhandiak.
Maiatzak 29, osteguna
17:00 “Ez dago mugarik kirola egiteko”, Aitor Puertas kirolariaren hitzaldia ume eta gurasoentzat Kaxkapen.
18:00 Txokolatada eta buruhandiak.
Ondoren, apar festa eta ur-gerra denontzat, gurasoak barne (prestatu pistolak eta globoak).
Maiatzak 30, ostirala
17:00 Ikasturte amaierako ekitaldia frontoian: musika eta antzerki emanaldia.
Ondoren, aulki joko, globo apurketa eta eskulanak, ume eta gurasoentzat.
19:30 Afari-merienda eta disko festa.
Oharra: eskolako kortxoan afarirako janariak ekartzeko zerrenda jarrita dago. Animatu mesedez!
Kultur Astea amaitzeko, honako bertso hau abestuko dute:
ZUBIETA(ra) BADATOR
ASTE KULTURALA
JOLAS ETA ANTZERKI
URTERO BEZALA
APAR FESTA, GLOBOAK…
AUKERA ZABALA
ONDO PASATZEA DA
HEMEN PRINTZIPALA
ZUBIETA(ra) BADATOR
ASTE KULTURALA
(Doinua: XAGU TXIKI BATEKIN)
Kultur Asteko egitaraua ikusteko: Zubietako Kultur Astea
Antolatzailea: Zubietako Eskola Txikiko Guraso Elkartea.