Beste deialdi baten berri eman behar dizuegu oraingoan. Ekainaren 1ean Gure Esku Dagoren gure eskualdeko festa egingo dugu Galarretan, 11:00etan hasi eta 13:30 arte. Denetik izango da bertan: bertsolariak, dantzariak, trikitilariak, haurren txokoa, erremontistak... Eta, horrez gain, Kataluniatik etorritako Nens del Vendrell taldeko 120 castellersek bertan hain ohikoa den giza gaztelua egingo dute! Ikusgarria izango da ziur!
Donostialdeko Gure Esku Dago taldekoek bertara joateko gonbita luzatu nahi dugu. Mikel Laskurain aktorea, Oihane Mateos eta Iñigo Aiestaran kazetariak eta Matxin IV erremontista ariko dira aurkezle lanetan. Hasieran, sagardoa eta pintxoak banatuko ditugu doan. Sagardoa Oialume-zar, Larre-Gain, Petritegi, Saizar, Bereziartua, Gaztañaga, Altzueta eta Gurutzeta sagardotegiek banatuko dute. Horrez gain, Hernaniko Oa gozotegiak prestatutako ijito-beso erraldoia ere ikusgai izango da.
Erremonte partida bereziak izango dira gero, eten ugari izango baitira, bertsolariek, dantzariek, abesbatza batek, Hernaniko Pirritx eta Porrotxek eta abarrek parte har dezaten. Horren ostean egingo dute Vendrell herriko lagunek giza gaztelua.
Oriamendi 2010 enpresari eta beste hainbat enpresa, saltoki, artista eta kultur talderen eskuzabaltasunari esker, festa oso osoa doan izango da.