Zaloa Arnaiz Ibarguren dugu, 2014ko Santixabeletako Egitarau Diseinu Lehiaketako irabazlea. Maiatzaren 15era arte zegoen epearen baitan aurkeztu diren sei proposamenen artean, "Pantxika" ezizenez usurbildarrak aurkezturiko lana saritzea erabaki du, Santixabeletako Jai Batzordeko bi kidek (Dani Iturbe eta Igor Uribek), diseinu arloan ezagutza duten bi kidek (Bea Alda eta Nagore Leozek) eta kultura arloko zinegotzia den Alaitz Aizpuruak osaturiko epaimahaiak. 500 euroko saria jasoko du Zaloak. Arnaizentzat, ez da lehiaketa hau irabazten duen lehen aldia. 2007ko Santixabeletako egitarauko diseinua ere berarena baita.
Aurtengora itzulita, momentuz albiste honetan atxikia duzuen irudian ikus dezakezue, sarituarekin batera, datozen jaietako ekitaldien berri emango duen egitarauko azalak izango duen itxura, aurrerapen moduan. Jai Batzordetik gaineratu dutenez, "aurrerapen modura, esan genezake aurtengo egitaraua, argia, irakurterraza eta poltsikoan eramateko modukoa izango dela". Festetako egitaraua ekaina amaieran inprimatu eta zuen guztion etxeetara banatuko da, jaien aurretik. Gogoan izan, Santixabelak uztailaren 1etik 6ra ospatuko dira. Aste horretako hitzordu guztien berri emango digu beraz, Zaloak diseinatu duen egitarauak. Zorionak!