Udalak hitzarmen bana sinatu du, diru-laguntzak jasoko dituzten herriko gizarte eragileekin

Noaua Aldizkaria 2014ko mai. 22a, 15:39


Usurbilen Nahi Ditugu, DYA, Odol Emaileen Elkartea eta Usurbilgo Elkartasun Taldea diruz lagunduko ditu Usurbilgo Udalak, beste behin. Bilguneok hitzarmen bana sinatu dute Udalarekin. Laguntzok, eragile guztiok datozen hilabete hauetan burutu asmo dituzten egitasmo edo ekimenetara bideratuko dira. Ezagunak diren arren, zeregin desberdinetan dihardute, diru-laguntzak jasoko dituzten eragileok:

-Usurbilen Nahi Ditugu: preso eta iheslarien eskubideen aldeko bilguneak, presoen sabakanaketa eta urruntzea salatzeko mobilizazio eta elkartasun ekimenak antolatu ohi ditu.
-Usurbilgo Elkartasun Taldea: herrien arteko elkartasuna sustatzen du. Hitzaldi edota zine-forumak antolatu ohi dituzte.
-DYA: gizarte gaietarako programaren baitan, ezinduei eta adineko pertsonen gizarteratzea sustatzen dute: mugikortasun arazoak dituzten pertsonei mobilizazio lanak burutzea, egokituriko lekualdatzeak, larrialdi sozialen zaintzak...
-Odol Emaileen Elkartea: bi hilean behin odola emateko hitzordua antolatzen dute. Bildutako odola, gerora ospitaletara bideratzen da, gaixoek behar duten odola izan dezaten.

Udalerriko gizarte eragileoz gain, herrialde mailan lan egiten duten beste zenbait eragile ere laguntzen ditu Usurbilgo Udalak.