Bilera eta giza-kate herrikoia 19:00etan, ekainaren 8ko hitzordua girotzeko

Noaua Aldizkaria 2014ko mai. 23a, 06:00

Gerturatzen ari den ekainaren 8ko hitzordua girotzeko, giza-kate herrikoia antolatu du Usurbilgo Gure Esku Dago taldeak, ostiral honetarako, maiatzaren 23rako. Hasteko, bilera informatiboa deitu dute 19:00etan Mikel Laboa plazan. Eguraldi txarra egingo balu, frontoian. Bertan emango dute asteotarako nobedade baten berri. Usurbildar, aginagar eta zubietarrek Uharte-Arakilen izango dute ekainaren 8an, erabakitze eskubidearen aldeko giza-katean parte hartzeko tartea. Sakanara joateko autobus zerbitzua izango da Usurbildik. Gure Esku Dago-tik berri eman dutenez, ostiral honetan bertan irekiko dute autobusetan izen emateko epea. Giza-katean apuntatzeko aukera ere egongo da. Jada 500 usurbildarren atxikimenduak bildu dituztela berri eman dute Gure Esku Dago taldekoek. "Sagardo Egunean bete genuen 500 Baietz! erronka! Eta gutxi gelditzen da giza katearen egunerako, baina ezin genuen besoak gurutzatuta geratu: 600era goaz!", adierazi dute.

Bilera, giza-katea eta jan-edana
Gaurko deitua duten bilera informatiboaren ostean, giza-kate kalejira antolatu dute. “Ahal duzuenok agertu zaitezte. Gainera, bileraren ostean, "giza kate kalejira" egin nahi dugu herrian zehar, eta horren ostean jateko eta edateko zer edo zer izango dugu prest. Beraz, anima zaitezte!”, luzatu dute gonbita. Informazio gehiago: usurbilgureeskudago@gmail.com gureeskudago.net

Eskualdeko festa, Galarretan
Ekainaren 1ean, 11:00etatik 13:30ak arte. Bertsolariak, dantzariak, trikitilariak, haurren txokoa, erremontistak... iragarri dituzte. "Eta, horrez gain, Kataluniatik etorritako Nens del Vendrell taldeko 120 castellersek bertan hain ohikoa den giza gaztelua egingo dute! Ikusgarria izango da ziur!", berri eman dute Gure Esku Dago lan taldetik, NOAUA!ko Komunitatearen bidez. Sagardoa eta pintxoak egongo dira, baita ijito-beso erraldoi bat ere.