Europa igande honetan, hedabide eta herritarren ahotan. Hauteskunde eguna dugu. 9:00etatik irekiak daude udalerriko gune desberdinetan kokatu diren hauteslekuak. Normaltasun osoz doa bozketa eguna. Non erroldatuak zaudeten, horren arabera, gertuen duzuen hauteslekura jo dezakezue bozka ematera. Guztira zazpi dira arratsaldeko 20:00ak arte irekita egongo diren hauteslekuak, lekuotan: Zubietako Lanbide Eskolan, Santueneako Auzo Elkartean, Aginagako Herri Ikastetxean, Kaxkoan Udarregi Ikastolan eta Kalezarren, Haur Eskolan. Aurreko deialdietan baino hautesleku bat gutxiago dute usurbildarrek, Europako hauteskunde egun honetan.
Bozkaleku bat gutxiago, Kalezarren
Espainiar estatutik, Usurbilen ere eragina izango duten hainbat murrizketa aplikatu dituzte maiatzaren 25eko hitzordurako. Orain arte udalerri honetan hauteskunde deialdietan bozkatzeko zeuden zortzi guneetatik bat kendu dute; Kalezarren jartzen ziren bi mahaietako bat. Igande honetan beraz, botoa emateko mahai bakarra izango dute herritarrek.
Gutxigatik ez du lortu Kalezarrek, bigarren mahaia izatea. Auzoan bozkatzeko gunean erroldatuak, 1.187 herritar dira. Bigarren mahaia jartzeko 13 hauteslegoren faltan geratu dira. Kalezarrek 1.200eko hautesle kopurua gainditu izan balu, orain arte bezala, bigarren hauteskunde mahaia mantenduko zuen. Erabaki honek izango duen eraginaren aurrean, neurri honen aurkako alegazioa aurkeztu zuen Usurbilgo Udalak. Baina atzera bota zuten, ez zuten aintzakotzat hartu. 1.187 herritar deituak daude beraz gaur, Haur Eskolan kokatuko duten mahai bakar horretara. Gainerakoan aipaturikoa, ohiko mahai kopurua jarriko dute betiko lekuetan; hiru Kaxkoan, Udarregi Ikastolan. Beste lau auzoetan; mahai bana, Kalezarko Haur Eskolan, Aginagako Herri Ikastetxean, Santuenea Elkartean eta Zubietako Lanbide Eskolan:
DISTRITOA | SEKZIOA | MAHAIA | ABIZENAK | HAUTESLEKUA |
01 | 001 | A | A-I | Udarregi Ikastola (Gernika ibilbidea, 11) |
01 | 001 | B | J-Z | Udarregi Ikastola (Gernika ibilbidea, 11) |
01 | 002 | A | A-Z | Auzo Elkartea (Santuenea auzoa, 12) |
01 | 002 | B | A-Z | Herri Ikastetxea (Erriberako kalea, 7) |
01 | 003 | A | A-Z | Haur Eskola (Kalezar auzoa) |
01 | 003 | B | A-Z | Lanbide Eskola (Zubieta auzoa, 9) |
01 | 004 | U | A-Z | Udarregi Ikastola (Gernika ibilbidea, 11) |
Hauteskundeotako emaitzen jarraipena
Esandakoa, 20:00ak arte zabalik izango dira hauteslekuak. Ordu horretan, gune guztiak itxi eta boto zenbaketari ekingo zaio. Emaitzak jaso ahala zuenganatuko ditugu atari honetan bertan. Sare sozialen bidez ere zabalduko ditugu.
Hauteskunde kanpainara aurkeztu diren hautagai zerrendak, hemen: Estatuko Aldizkari Ofiziala
Europako hauteskundeei buruzko informazio gehiago: Hauteskunde Europarrak 2014