2014-2015 ikasturtean Zumarte Musika Eskolaren eskaintzan parte hartu nahi duzuenok, gaurtik hasita aste hau duzue, ostiralera arte, matrikulatzeko epea. Ordutegia: goizez (astelehena ezik), 11:00etatik 13:00etara eta arratsaldez, 16:30etatik 19:30etara. Hurrengo ikasturterako ikasgai eskaintza zabala Zumarten, 4 urtetik gorakoentzat: Musika-Txokoa, musika mintzaira, helduentzako musika mintzaira, tronpeta, saxofoia, biolina, biola, perkusioa, klarinetea, abesbatza, teknika bokala, eskusoinua, trikitixa, panderoa, pianoa, txistua, gitarra, flauta, organoa, talde instrumentalak.
Matrikulazioa egiteko ordainketa egitea ezinbestekoa izango da. Hemen, Zumartek Kutxabank-en duen kontu zenbakia: 2095 5069 08 1062820021. Ikaslearen izena jarri eta ordainagiria musika eskolara eraman beharko da. Norbere kontu korronteko 20 zenbakiak eta ikasle berrien kasuan, argazkia ere aurkeztu beharko da. Prezioak hemen: 120 euro, Musika Txokoa (4-7 urte artekoentzat), Musika Mintzaira eta instrumentua (panderoa, 65 euro) eta 40 euro, abesbatza edo talde instrumentala bakarrik. Horrez gain, hilero 23 euroko kuota ordaindu beharko du ikasle bakoitzak. %40ko deskontua aplikatuko zaie, familia ugarietako ikasle gazteenari. Kasuotan, familia ugarien txartela ere aurkeztu beharko da.
Behar balitz, zozketa
Epe barruko izen emateak baino ez dira onartuko, bestela plaza galduko da. Musika txokoa, musika mintzaira eta instrumentuko ikasle berrien kasuan, eskainitako plaza kopurua baino eskaera gehiago egongo balitz, matrikulazio epea amaitu osteko ostegunean (ekainaren 5ean), 19:00etan zozketa egingo da. Zozketa ostean itxaron zerrenda egingo da. Bajarik egongo balitz, itxaron zerrendako ikasleak sartuko lirateke. Plaza gabe geratzen diren ikasleei matrikulako dirua itzuliko zaie. Falta asko egiten duen ikasleak, ez du hurrengo urteko plaza gordetzeko eskubiderik izango. Argibide gehiagorako: zumarte.org, Kale Nagusia 45ean, edo 943 371594 (arratsaldez deitu).
Izen ematea: matrikulazio orria
Matrikulazioko araudi orokorra: araudia
Matrikulazioko kartela: Kartela