Entsegu saioak astean bitan izango dira; astearte eta ostegunero, 20:00-21:00 artean Agerialden. Helduen danborradan parte hartu nahi duzuenok, gaurko lehenengo entsegu saio egun honetatik aurrera eman ahalko duzue izena. Helduen danborrada aurten, Santixabel bezperan ospatuko da, uztailaren 1ean. Arratsaldean eta baita gauez, afalostean ere.
Txupinazorako proposamenak biltzeko azken egunak
Gogoan izan bestalde, ostiralera arteko, maiatzaren 30era arteko tartea duzue buruari eragin eta uztailaren 1etik 6ra ospatuko diren Santixabelei hasiera emango dien suziria nork botako duen erabakitzeko. Zuen proposamenak, kultura@usurbil.net helbidera bidal ditzakezue. Bestela, Potxoeneara edo Sutegi udal liburutegira helarazi. Aipatu moduan, maiatzaren 30a baino lehen. Bildutako iradokizunak aztertu eta azken erabakia Jai Batzordeak hartuko du, datorren astelehenerako, ekainaren 2rako 18:00etan Potxoenean deitu duen bileran.
Azken urteotan, txupinazoa jaurti dutenen artean ditugu, Usurbilgo DYA, Atzegiko kideak, Usurbil Zero Zabor taldekoak... Iaz bezala, zuen proposamenen artean hautatuko dira 2014ko Santixabelen hasiera ekitaldiko parte hartzaileak.