Aitor Puertas kirolariaren hitzaldia edota apar-festa gaur, Zubietako Kultur Astearen baitan

Noaua Aldizkaria 2014ko mai. 29a, 08:20



Aterpea bilatu behar izan dute antolatzaileek, Zubietako Kultur Asteko ekitaldiak abiatzeko. Puzgarriak jartzekoak ziren Zubietako Eskola Txikiko Guraso Elkartekoak atzo arratsaldean, eta hala egin zuten, baina eguraldi txarragatik frontoi barruan. Kaxkape elkartean berriz, ikasleen marrazkien erakusketa zabaldu zuten. 

Beste bi egunez luzatuko da Zubietako Kultur Astea. Ostegun honetan, Aitor Puertas kirolariaren hitzaldia, askaria edota apar-festa iragarri dituzte Zubietan, 17:00etatik aurrera:

Maiatzak 29, osteguna
17:00 “Ez dago mugarik kirola egiteko”, Aitor Puertas kirolariaren hitzaldia ume eta gurasoentzat Kaxkapen.

18:00 Txokolatada eta buruhandiak.
Ondoren, apar festa eta ur-gerra denontzat, gurasoak barne (prestatu pistolak eta globoak).

Maiatzak 30, ostirala
17:00 Ikasturte amaierako ekitaldia frontoian: musika eta antzerki emanaldia.
Ondoren, aulki joko, globo apurketa eta eskulanak, ume eta gurasoentzat.
19:30 Afari-merienda eta disko festa. 
Oharra: eskolako kortxoan afarirako janariak ekartzeko zerrenda jarrita dago. Animatu mesedez!

Kultur Astea amaitzeko, honako bertso hau abestuko dute:

ZUBIETA(ra) BADATOR
ASTE KULTURALA
JOLAS ETA ANTZERKI
URTERO BEZALA
APAR FESTA, GLOBOAK…
AUKERA ZABALA
ONDO PASATZEA DA
HEMEN PRINTZIPALA
ZUBIETA(ra) BADATOR
ASTE KULTURALA
(Doinua: XAGU TXIKI BATEKIN)

Kultur Asteko egitaraua ikusteko: Zubietako Kultur Astea

Antolatzailea: Zubietako Eskola Txikiko Guraso Elkartea.