Hondakinen sortzez besteko ordainketa sistema berria indarrean jarriko du laster Usurbilgo Udalak. Zero zabor norabidean Udalak eman asmo duen urrats honen inguruko informazio gehiago jaso nahi baduzue, egunotarako deitu dituzten bilera irekietara joan besterik ez duzue. Lehenengoa, ostegun honetan, 19:00etan Sutegin. Datorren ekainaren 3tik 5era, beste hiru bilkura ordu berean, Aginagan, Haranen eta Santuenean hurrenez hurren. Hitzordu guztiok burutuko diren egoitzen atarian, mahaia jarriko du Usurbil Zero Zabor (UZZ) taldeak. Bertan, konpostatze egitasmoan parte hartu nahi duzuenok izena eman edota behar beste informazio jasotzeko aukera izango duzue.
Aipatu moduan, Udalak antolaturiko bilera erronda gaur 19:00etan hasiko da Sutegin. Kultur etxe atarian izango dira UZZ-ko ordezkariak. Udalerri honetan indarrean jartzear den hondakinen sortzez besteko ordainketa sistema berriaren harira bestalde, honako gutuna bidali dute NOAUA!ra, Usurbil Zero Zabor mugimenduko kideek:
Sortzez bestez ordainduz, Zero Zabor bidean beste urrats bat
Zero Zabor helburua lortzeko ahaleginean, urrats garrantzitsuak eman ditugu usurbildarrok azken bost urteotan. Atez ateko hiri hondakinen gaikako bilketa ezarri aurretik %28an geunden, eta, 2013ko urtea, %83an bukatu dugu, hau da, gure hondakinen %55 gehiago jartzen dugu berriro lehengai izateko bidean, zabor bihurtu dadin ekidinez. Hau da Zero Zaborreko printzipio nagusietako bat: ahalik eta gehien hondakinak gaika biltzea.
“Hondakinik onena sortzen ez dena” dio gure lelo nagusiak. Eta horretan ere, bide bat egin dugu azken urteotan. Erreferentzia bezala 2010 urtea hartuko dugu, atez ateko bilketarekin lehen urte osoa hura izan baitzen. Bada, 2010ean 3.504 tona hondakin sortu genituen, eta 2013an, 2.921 tona, hau da, hiri hondakinen sorrera orokorra, %17 murriztu dugu. Erronka hori ondo dago, baina are hobeagoa da, hondakin horietatik errefusaren zatikia, gero eta txikiagoa dela, berreskuratu ezin den zatiki hori, gero eta gutxiago dela alegia. 2010ean, usurbildar bakoitzak 119,74 kilo errefusa sortu zituen zabortegirako, eta 2013an 79,47 kilo. Honek esan nahi du, duela lau urte baino %34 errefusa gutxiago sortzen duela usurbildar bakoitzak. Kopuru hauetan, herriko industrietatik jasotzen den errefusa ere barne dago.
Emaitza on hauek, are eta hobeagoak izan daitezen laguntzeko, herritar bakoitzak sortzen dugun errefusa kopuruaren arabera, gure tasak ordaintzeak beste aukera bat eskainiko digu. Batetik, ez da justua, errefusa asko edo gutxi sortzen duenak, ondo edo oso ondo hondakinak bereizten dituenak eta hala moduz ateratzen dituenak, berdin berdin ordaintzea. Neurri hori zuzentzera dator sortzez besteko ordainketa sistema. Eta bestetik, eragin ekonomikoagatik bada ere, gero eta herritar gehiago saiatuko da errefusa murrizten, eta horrek, gure gaikako bilketa hobetzen lagunduko du, hau da, zabortegira gutxiago isuriko da horrela, gure ingurumena, osasuna eta ekonomia hobetzen lagunduz. Zabortegirik gabeko helburutik gertuago izateko, beste urrats bat emango dugu.
Usurbil Zero Zabor