Gai honi buruzko informazioa eskaini edota zalantzak argitzeko bilerak antolatu ditu auzoka, Usurbilgo Udalak. Lehenengoa, ostegun honetarako 19:00etan Sutegin. Bilera hauetan, abiatzear den hondakinen sortzez besteko ordainketa sistemari buruzko nondik norakoen berri emango du Udalak. Hondakinen bilketagatiko ordaindu beharreko tasa bitan zatituko dute aurrerantzean; zati finkoa izango du, denek berdin ordaindu beharreko kopurua, eta zati aldakorra, erreusa etxe atarira ateratzen dugun aldi kopuruaren arabera kalkulatuko dena. Erreusaren bilketari eragingo dio aldaketa honek. Aurrerantzean, erreusa organikoarentzako dugun antzeko ontzian atera beharko da. Ontziok ekaina erdialdera banatuko ditu Usurbilgo Udalak.
Azalpen guztiak egunotan Udalak deitu dituen bileretan:
Maiatzak 29, osteguna
19:00 Sutegin.
Ekainak 3, asteartea
19:00 Aginagan.
Ekainak 4, asteazkena
19:00 Aranen.
Ekainak 5, osteguna
19:00 Santuenean.
Deitzailea: Usurbilgo Udala.
Jose Maria Rivadeneyra, ingurumen zinegotzia: "Beste urrats bat, zero zabor filosofian"
Usurbilgo Udaleko ingurumen zinegotziak dakartza, hondakinen sortzez besteko ordainketa sistema berriari buruzko xehetasun gehiago, lerrootan.
Zer da sortzez besteko ordainketa?
Jose Maria Rivadeneyra: Sortzen duzun hondakinaren kopuruaren arabera ordaintzea. Kutsatzen duenak ordaindu dezala, printzipio hori aplikatzea. Ez da gauza berria gure herrian, ezta inguruan ere. Usurbilen eta Mankomunitate osoko enpresei hondakinen bilketagatiko sistema hau aplikatzen zaie. Oraingo urratsa hori etxeetara zabaltzea izango da.
Ordaindu beharko den hondakinen tasa bitan zatituko da?
Orain arte ordaindu dugun hondakin-tasa, kopuru finkoa, urtero onartzen dena da. Aurrerantzean tasa horrek bi zati izango ditu; zati finkoa eta aldakorra, sortzen dugunaren araberakoa. Zati aldakor hori erreusari bakarrik aplikatuko zaio. Ez diegu aplikatuko beste hondakin zatiei. Erreusa gehiago sortzen duenak, gehiago ordaindu beharko du. Erreusari lotu diogu tasa ekologiko hau. Erreusa da arazoa, tratamendu aldetik garestiena.
Nola neurtuko da tasa hau?
Erreusa zenbat aldiz ateratzen den erregistratu, eta horren arabera kalkulatuko da. Enpresetan hala egiten da. Sortzez besteko sistemetan bi aldaera nagusi daude; bolumenarengatik edo pisuarengatik ordaintzea. Pisu bidezko sistemekin ez dago oso esperientzia onik. Aurrerantzean, kubo erdia edo guztiz beteta egon, berdin ordainduko da. Honek ere badu eragin positiboa, ontzia beteta dagoenean ateratzeko joera nagusituko da eta horrek zerbitzuaren kostua jaistea suposatuko du. Bilketa eraginkortuko du.
Igoera, fakturan ez omen da asko nabarmenduko. Erabaki honen atzean bada hondakinak murriztea sustatzeko nahia?
Sortzez besteko sistemaren atzean dauden ideia bultzatzaileak bi dira; tasa ekologikoa, gauzak ondo egiten dituena saritzea, baina gero ere murrizketa bultzatzea. Beste urrats bat zero zabor filosofian. Bilketa aldetik hobekuntza ez da izango ikusgarria, ez dago hobetzeko tarte handirik. Usurbildarrek oso ondo egiten dute lana. Arduratsuak dira, ingurumenarekiko sentsibilizatuak daude, hondakinen arazoaren jabe dira eta sailkatzen dute. Eta erreus oso gutxi sortzen dute.
Ontzien bidez neurtuko da?
Herritarren egunerokotasunean honek dakarren aldaketa bakarra ontziena da. Lehen erreusa ateratzen genuen nahi genuen poltsan eta aurrerantzean, banatuko ditugun ontzietan. Ontziak organikorako ditugunak bezalakoak dira, atez ateko bilketa egiten den beste herri askotan, Gipuzkoan ekoitzitako halako ontziak erabiltzen dituzte. Txukuntasunean irabaziko dugu, denentzako ontzi estandar hauekin.
Ontzien banaketa nola bideratuko duzue?
Ekaina erdialdera banatuko dira ontziak. Ontziak banatzen diren unetik herritarrak has daitezke erabiltzen, inolako arazorik gabe. Esperientzia positiboa izango den konfiantza dut, gure oinarria usurbildarrak baitira. Usurbildarrek soberan erakutsi dute ingurumenarekiko konpromisoa eta oso gai dira, gauzak txukun egiteko. Honek ez die eskatuko esfortzu handirik, gauzak berdin egiten jarraitzea baizik.