Indarkeria sexista prebenitzeko doako tailerra antolatu du Usurbilgo Udaleko Parekidetasun Sailak; "Gurasoentzako tratu on tailerra". Larunbat honetan, maiatzaren 31n izango da, 9:30-13:30 artean, Potxoenean. Hitzorduan parte hartu asmo duzuenok, izen emateko deitu aurrez, Parekidetasun Saileko telefono zenbaki honetara: 943 377 110.
Larunbaterako antolatu den tailerrari buruzko argibide gehiago segidan:
Gurasoei zuzendutako "tratu on" tailerra
Gazteen egungo harremantzeko moduak askotan kezka sortu dezakete. Azken urteetan jasotako datu ofizialen arabera, gero eta nabarmenagoa da, gazteen artean ere sexismoan eta tratu txarretan oinarritutako harremak goranzko joera hartu dutela eta neska gazteenganako eraso matxista nahiz sexisten kasu kopurua ugaritu dela. 2013ko datu ofizialen arabera, EAE-en erasotuak izan diren emakumeen artean, %8ak 18 urte baino gutxiago zituen eta 18 eta 30 urte bitarteko emakumezkoen portzentaia %30a izan dela. Datu hauen aurrean jende askoren galdera zera da, aukera berdintasunean aurreratu den guztiarekin nola liteke horrelakorik gertatzea gaur egun? Erantzuna erraza da, jendarteak patriarkala izaten jarraitzen duelako eta ondorioz, emakumeenganako zapalkuntza jendartearen egituran oso errotuta egoten jarraitzen du (ekonomian, kulturan, kiroletan...).
Udaleko parekidetasun sailak 2011az geroztik, ikasturtero, hezkidetza programa bat garatzen du Udarregi Ikastolan eta Lanbide Hastapeneko tailerretan gazteen artean sexismoa prebenitzeko eta tratu onak sustatzeko, Harremanitz kooperatibako kideak arduratzen dira programaren dinamizazioaz eta ikasleekin lanketa egiteaz gain, irakaslegoarekin ere gai hauek lantzen dituzte. Aurtengoan, gurasoei zabaldu nahi izan diegu programa honen baitan landutako gaietan sakontzeko aukera eta “TRATU ON” tailerra antolatu dugu. Jakin badakigulako, eragile desberdinen inplikazioa ezinbestekoa dela indarkeria sexistaren prebentzioan aurrera egiteko.