Hondakinen bilketa zerbitzuagatik norberak berea ordaintzea eskatu dute, San Markoko sei udalek

Noaua Aldizkaria 2014ko mai. 30a, 13:27

Haserre erantzun dute, Usurbil, Hernani, Astigarraga, Lezo, Pasaia eta Oiartzungo udalek, asteartean San Marko Mankomunitateko lehendakari Denis Itxasok hedabideen aurrean eginiko adierazpenei. Agerraldi hartan, atez atekoa indarrean duten sei udal hauei hondakinen gaikako bilketari trabak jartzea leporatzen zien Itxasok. Hitz hauen aurrean, birziklatze-tasa %70-80raino igotzea lortu duten sei udalok prentsa ohar bidez adierazi dutenez, "Denis Itxasoren helburu bakarra Atez Ateko Bilketa sistemaren kontra jotzea da eta bere helburu hori lortu nahi du, bilketa sistema hau egiten duten udalerriak ekonomikoki zigortuz". 

Mankomunitatea 10 udalerrik osatzen dute. Sei udaletan (Usurbil, Hernani, Astigarraga, Lezo, Pasaia eta Oiartzunen) atez atekoa dago indarrean, gainerako lau udalerrietan, Donostian, Lasarten, Urnietan eta Errenterian, indarrean segitzen duen edukiontzien sistema. Atez atekoa duten udalerriek, gainerako udalerrietako edukiontzien sistemak eragindako kostuen zati bat ordaindu izan dute orain arte. Planto egitea erabaki duten arte. "Urte batzuk igaro ditugu besteen edukiontziak ordaintzen eta ez gaude prest horrela jarraitzeko", adierazi dute prentsa ohar bidez. Martxoa amaieran auzitegietara jo zuten gai honengatik, San Markok 2014rako aurkezturiko aurrekontuei helegitea jartzera. Egoera hau zuzentzea eskatzen dute, Mankomunitateak edukiontzien bilketa zerbitzua eskaintzen jarraitzeko lizitazio berri bat onartzeko prozesua abiatu duen honetan.

Zerbitzua lau herriei, baina faktura hamarren artean ordaindu behar
Mankomunitateak, Donostia, Lasarte, Errenteria eta Urnietako hondakinak edukiontzi bidez jasotzen segitzeko lizitazioa berritzeko prozesua abiatu du. "Arazoa da lizitazio berri horrek soilik mankomunitateko lau herriei emango diola zerbitzu, baina faktura sei herri txikiei ere pasako zaiela. Sei herri, %70etik gorako birziklatze tasekin, gure bilketa osoa ordaintzen dugunok eta beste lau herrien bilketa ez-horren-efizientea ordaintzera behartu nahi gaituztenak!!", salatu dute atez atekoa indarrean duten San Markoko udalek.

Lizitazio berri honen aurrean, egoera zuzentzea eskatzen dute Usurbil, Hernani, Astigarraga, Pasaia, Lezo eta Oiartzungo udalek. "Guk gure bilketa ordaintzen dugun moduan, kontenedore bidezko bilketa egiten dutenek berea ordain dezatela. Justizia kontua da", eskatzen dute atez atekoa indarrean duten sei udalek, tartean Usurbilgoak.

Egungo errealitatea kontuan ez duen kontratua
San Markok onartze bidean jarri duen hondakinen bilketa zerbitzuari loturiko lizitazio berriak, azken hamarkada honetan indarrean egon dena ordezkatzera dator. Kontua da, duela 10 urte Mankomunitateko 10 udalek San Markorekin hitzarmen bat sinatu zutela. Bertan, hondakinak edukiontzi bidez jasoko zirela hitzartu zuten bi aldeek. Ordutik argi dago, errealitatea nabarmen aldatu da. 2009ko martxoaz geroztik, edukiontziak alboratu eta Usurbilen atez ateko bilketa sistema indarrean da. Baita gerora, atez atekora batu diren beste bost udalerrietan ere. 

Bilketa sistema berria indarrean jarri ahala, "Usurbilek Mankomunitatearekin hitzarmen bat sinatu zuen eta han adostu zuten jasoko zuen zerbitzuaren arabera ordainduko zuela. Pixkanaka, mankomunitateko beste bost herrik atez ateko bilketa selektiboa jarri genuen martxan eta Mankomunitatearekin Usurbilek sinatu zuen hitzarmen berdina sinatu genuen". 

Hitzarmenak hitzarmen, orain arte "duela 10 urte esleitu zen kontratua bizirik zegoenez", atez atekoa abiatu duten udalerriek, atez atekoaren zerbitzua eta Mankomunitateko beste lau udalerrien edukiontzien sistemaren zati bat ordaindu behar izan dute. Kontratu hau amaitzear den honetan, egoera zuzentzea eskatzen dute sei udalek. Norberak sortzen dituen hondakinen bilketagatik berea ordaintzea.