Arlaban-Araotz inguruetara egun pasa, Andatza M.K.T.-ko kideekin

Noaua Aldizkaria 2014ko eka. 1a, 08:00


Aurreko igandean bezala, ekainaren lehen egun honetarako ere txangoa antolatu du Andatza Mendizaleen Kirol Taldeak. Arlaban-Araotz bidea egitera animatzen dituzte usurbildarrak. "Andarto Zaraia mendilerroko gailurra da. Aretxabaletan dago, Gipuzkoako hegoaldean, Aranguren eta Aizkorri mendien artean. Kareharrizko gailur piramidala du, eta erliebe harritsuan landutako ingurune baten ekialdeko muturrean dago. Zenbait punta zorrotz zutitzen dira sakonune belartsu eta zulo handiz betetako goi-ordokietan, haranak mugatzen eta euriek sortutako ibaiak gordetzen dituztela. Horren adibide dugu Araotz errekastoa, Andarto eta Orkatzategi gailur malkartsuen artean jaiotzen dena. Ondoan duen gailur garaiena Maiputz da, itsas mailatik 1.075 metro altxatzen dena", berri eman dute antolatzaileek.

Ekainaren 1eko irteerarako izen ematea itxita dago jada:

Ekainak 1, igandea: Arlaban-Araotz
Abiatzeko hitzordua: 7:00etan, Oiardo Kiroldegitik.
Ibilbidea: ia 6 ordukoa, 22 kilometro. "Arlabandik Araotzera bideratuko gara. Andarto (1.076 m) mendira igotzeko aukera izango dugu".
Informazio gehiago: andatzamendizale.info
Antolatzailea: Andatza Mendizaleen Kirol Taldea.