Hurbilago Elkarteak antolaturiko pintxo festaren bigarren denboraldia amaitzear da. Momentuz azken aldiz gozatu ahal izango duzue igande honetan, ekainaren 1ean, Txapeldun, Artzabal, Xarma, Bordatxo, Txirristra, Aitzaga eta Txiribogako sukaldeetan prestatuko dituzten zizka-mizka bereziez. Ezohiko moduan agurtu nahi dute denboraldia tabernariek. Orain arte, garaian garaiko produktuekin sukaldaturiko mokadu bereziak zerbitzatu izan dituzte. Ekaineko lehen egun honetan ordea, munduko herrialde desberdinetan oinarrituko dute, euren pintxo eskaintza. Gogoan izan, edariarekin batera 2 euroren truke ahoratu ahalko dituzue, zazpi edaritegietan zerbitzaturiko zizka-mizkak.
Eta ez ahaztu, pintxoak eskatzen joan ahala, Tipi-Tapa txarteleko zigiluak biltzen joan. Zazpi tabernetakoak eskuratu ostean, kaxan utzi eta itxaron, igande arratsaldeko 15:00etan Txiribogan ospatuko den zozketara arte. Une horretan jakingo da nor den ikasturte honetan azkenekoz, Hurbilago Elkarteko establezimenduetan nahierara xahutzeko 150 euroko erosketa balearekin sarituko duten herritarra. Maiatzeko edizioan, ondoko irudian ageri den herritarra, Aroa Alkorta izan zen saritua. Gaurkoan, zuetako edonor izan liteke.