Iritsi da aste handia! Gutxi, oso gutxi, gelditzen da elkarri eskua eman eta erabakitzeko eskubidea izan nahi dugula aldarrikatuko dugun ordua. Dena den, azken orduko ohar batzuen berri eman nahi dizuegu.
Dakizuenez, giza katea Uharte-Arakilen osatuko dugu usurbildarrok. Goizekoari begira, kotxez zoaztenentzako ohar garrantzitsua daukagu: eman ezazue kartel bat kotxearen aurrealdean 90 zenbakiarekin, hau da, usurbildarroi dagokigun kilometro zenbakiarekin. Errepidean trafikoa desbideratuko duten arduradunak egongo dira, eta horrela, lana erraztuko diegu. Gogoratu, 90. zenbakia.
Katearen osteko festari dagokionez, Arbizun izango zela esan ziguten, eta aldaketa izan da; Arbizun beharrean, Etxarri Aranatzen izango da. Bide batez, festa itzela izango da, Vendetta, Xaiko eta Tximeleta taldeekin!
Bestetik, kontuan izan herri batzuetako jendea elkartuko garela Etxarrin. Hau da, milaka izango gara ziurrenik: badaezpada, eraman bazkaria edo beharko duzuela aurreikus dezakezuen edozer gauza, ados?
Handia izango da!