Epaiaren zain, Aitzagaren 20. urtemuga egun honetan

Noaua Aldizkaria 2014ko eka. 5a, 09:00


1994ko ekainaren 5a, ederki oroituko duzue zuetako askok. Herri honen historian markatua geratu den egun horietako bat baita. 1994ko ekainaren 5 hartan,  “herria pil-pilean zegoen. Hauteskunde europarrak ziren orain bezala, eta kanpaina gori-gorian zegoen, parodiak egiten kalean botoa eskatuz. Gero bazegoen antigualeko motoen kontzentrazioa Dema plazan eta hain soka luzea ekarri zuten atxiloketak ere gertatu ziren”. Hala oroitarazi diote data hura astekari honi, Aitzaga Elkarteko kideek. 

Egun hark ordea, gehiagorako eman zuen. Hamarkada haren hasieran, gerora, ezkertiar eta abertzaleen, herritar eta eragileen topagune izango zen egoitza berri bat ireki baitzen Usurbilen; oihartzun handia izan zuen elkartea inauguratu zuten, Irazu kaleko 12. zenbakian, Paris etxe azpialdean. Datorren astean, 20 urte bete eta ospatuko dituen Aitzaga. Proiektua bizpahiru urte lehenagotik hasi ziren lantzen. Elkarteok loraldi betean, Euskal Herri luze eta zabalean hedatzen ari zirenean. “Inguruetako herri askotan ikusten genuen Ezker Abertzaleko jende asko ari zela elkartzen. Pauso hori eman behar genuela pentsatu genuen”, gogoratzen dute elkarte kideek.

Ordutik, ezkerreko eta abertzaleko herritarrek bilgune bat izan dute. Usurbilen. Baina baita hainbat herri eragileek ere. Orain, biltzeko gune gehiago dauden arren, garai hartan ez ziren hainbeste eta herriko talde batek baino gehiagok baliatu izan du urteotan Aitzaga, bilerak egiteko edota ekimen desberdinen antolaketa lanetarako. Egoitza, herritar eragileei irekia egon den gunea dugu. Emakumeei ere talde kide izateko aukera eskaini zien Usurbilgo lehen elkartea izan zen.



Itxia, baina ez isildua
20 urtek askorako eman dute Usurbilen eta Euskal Herrian eta unean uneko egoera politikoaren eragina pairatu du Aitzagak. Ezin ahaztu noski, Auzitegi Nazionalaren aginduz sei urtez itxita egon zela taberna eta elkartea. 35/02 makrosumarioaren baitan epaitua izan da azken hilabete hauetan. Epaiaren zain dira orain, Ezker Abertzaleko 30 kide eta ehun elkarte inguru, Usurbilgo Aitzaga tartean. “Duela 20 urte bezala, orduan bezala espainiar estatuak atzaparkada bat ematekotan da Usurbilgo herriari. Izan ere guk ez dugu epaiketa hau soilik Aitzagaren aurkako epaiketatzat hartzen, baizik eta gatazkaren konponbidearen alde dagoen gehiengo sozial ororen aurkako epaiketa gisa”, diote Aitzaga kideek.

Auzitegi Nazionalaren aginduz 2006tik 2012ra egon zen itxita Aitzaga, baina ez isildua. Egoitza baliatzeko modurik izan ez arren, ekimenak antolatzen jarraitu baitute, gainerako urteen moduan. Denetarik; azaroaren 1eko Artisautza Azoka, kirol, kultur eta ekimen politikoak, solasaldiak, ikastaroak… “Sei urte horietan bizi eta dinamiko jarraitu zuen Aitzagak”, adierazi dute elkarte kideek. 

Itxierak bi hamarkadotako ibilbidea baldintzatu duen arren, “Aitzagan irribar gehiago egon da negar malkoa baino” eta oraindik ere ilusioa dago euren esanetan, “Usurbili eta Euskal Herriari bere ekarpena egiten jarraitzeko”. Orain arte bezala, gonbita luzatzen diete “espazio edo beste baliabide faltagatik arazoak dituzten talde eragileei, Aitzagara hurbildu eta elkarteak eskaintzen dituen baliabide guztiak profitatzera”.

Elkarteak bizitako une zail hauetan eskainitako laguntzagatik eskerrak eman nahi dizkiete modu berezian nabarmenduz, “Andatzpe eta Mahaspildegi elkarteek eta Iruin sagardotegiak eman ziguten laguntza”. Esker hitzak baita, Udalarentzat eta “tresna hau bizi-bizirik mantentzen duten herritar eta kide orori eskertu. Eta bizi-bizirik jarraitzen duen tresna hau etorkizunean biziagotu dezagun animatu”.

Kide gazte berriak
Sei urteko itxieraren ostean, 2012an berriz ireki zutenetik hona, elkartea biziberritu da. Gazteak hurbildu dira Aitzagara. Elkarte kideen esanetan, belaunaldi arteko harremana eta elkarlana estutzea ekarri du honek, eta oro har, “Aitzaga beraren aniztasuna areagotu da”. Ilusioa dago elkartean, beste mota baterako etorkizun oparoago, justuago, alaiago batean sinetsia eta konprometitua dago.

Egun 150 bat kide dituzte eta ateak zabalik, kide berrientzat. “Gugana etorri eta kuota bat ordaindu hilero”, besterik ez da egin behar. Aitzagakide guztiekin eta herri osoarekin ospatu nahi dituzte Aitzaga Elkartekoek, egunotako urteurreneko ekitaldiak. Parte hartzera animatzen dute.