Egin klik, Orioko Kilometroak laguntzeko

Noaua Aldizkaria 2014ko eka. 5a, 06:00


Martxan da, urrian Orion "Erria Txikota!" lemapean ospatuko den Kilometroak jaialdia laguntzeko Klikmetroak elkartasun ekimena. Laugarrenez abiatu duten egitasmoaren helburua, datorren Kilometroak jaialdirako babes ekonomikoa lortzea da. Sartu klikmetroak.kilometroak.net atarian, eta bertan agertuko zaizuen Gipuzkoako ikastolen aldeko jaialdiko 5.632 metroko zirkuitu birtualari ahalik eta bira gehien ematea nahi dute antolatzaileek. Milaka herritarren parte hartzea eskatzen du ekimenak. Egitekoa erraza da; Klikmetroak egitasmoko web orrian sartu, norberak bere metroan klik egin eta e-posta, izen abizenak, argazkia eta gehienez 250 karaktereko mezua idatzi dezala. Bisitari bakoitzak eginiko ibilbideko metro bakoitzeko babesleek ekarpen ekonomikoa egingo dute 2014ko Kilometroak jaialdiaren alde. Herritar, merkatari, elkarte, nahiz enpresen laguntza sustatu nahi dute modu honetan.

Klikmetroak egitasmoaren nondik norako gehiagoren berri, Kilometroak aldizkariaren lehen zenbakian jaso ahalko duzue. Aste amaierarako, www.kilometroak.net/aldizkaria atarian ikusgai izango duzue. Papereko edizioan, Gipuzkoa osoan banatuko diren 25.000 ale prestatu dituzte. Kilometroak aldizkariaren bigarren zenbakia, irailean argitaratuko dute. 
Informazio gehiago: klikmetroak.kilometroak.net edo kilometroak.net

Usurbilgo jaialdirako laguntza behar da
2015ean Usurbilen ospatuko den Kilometroak jaialdirako eta egun horren aurretik, urtean zehar bideratu beharko diren prestaketa lan eta ekimenetarako herritarren laguntza behar du Udarregi Ikastolak. Hainbat lan batzorde osatu asmo dituzte, ardura hauei guztiei heltzeko. Jarraian zerrendatuak ageri diren taldeotan parte hartzera animatzen dituzte herritarrak. Lanean hasteko izen ematea ireki dute jada. Udarregi Ikastolako web orrian sartzen bazarete (udarregi.com), bertan dagoen apuntatzeko inprimakia beteta eman dezakezue izena. Edota datorren astelehenetik, apirilaren 28tik aurrera, Udarregi Ikastolako idazkaritzara deituta, 943 36 12 16 telefono zenbakira. 

 

Honako hauek dira, Usurbilgo Kilometroak 2015 jaialdia antolatzeko osatu nahi diren lan taldeak eta taldeotako bakoitzak izango dituen zereginak:
· Ekonomia: komertzialak eta ideia eta ekimen handiko jendea (kontuak eraman eta, batez ere, dirua lortzeko egitasmoak antolatu).
· Salmenta: dendan saltzaile izateko, biltegiko materialaren kontrola eramateko eta egun berezietan eta asteburuetan irteerak, Gipuzkoako herrietan salmenta postua jartzeko.
· Osasuna/prebentzioa: erizainak… (asistentzia eta larrialdiak).
· Garbitasuna: ekitaldi eta eguneko garbiketa lan-taldeak osatu, komunen gestioa… (urte osoan zehar eta egunean bertan).
· Komunikazioa: web orria, aldizkaria, komunikabideekin elkarlana, kartelak, argazkiak, eguneko megafonia.
· Zirkuitoa: ibilbidea zehaztu, beste lan-taldeekin koordinatu.
· Trafikoa: udaltzainak, segurtasun arduradunak, garraiolariak, … (seinaleak, aparkalekuak, autobusen antolaketa).
· Muntaketa: argiketariak, igeltseroak, iturginak, kamioilariak… (dendako konponketak, karpak, barrak, eskenatokiak muntaketa…).
· Ikuskizunak: ikuskizunetan aritzen den jendea, teknikariak… (urtean zehar eta eguneko egitaraua zehaztu).
· Txosnak: tabernariak, sukaldariak…(antolaketa, jakiak eta edariak zehaztu, eskariak egin…).
· Giza baliabideak: beharrak zehaztu eta izen-emateak bideratu.
· Protokoloa: erakundeetako ordezkaritzarekin harremanak.
· Segurtasuna: segurtasun plana.
· Ikasle Batzordea: 18 urtetik beherakoekin osatutako batzordea, ekimen ezberdinak.
· Erronka: Gipuzkoako Ikastoletako DBH3 eta DBH4 mailetako gazteentzako lehiaketa antolaketa.