Euskaldunon Egunkariaren auzi ekonomikoa artxibatzea erabaki zuen atzo epaileak, 11 urteren ostean. Gogoan izan, ostiral honetarako, ekainaren 6rako, agerraldia eta elkarretaratzea deitu dituztela goizeko 11:30etan, Andoaingo Martin Ugalde Kultur Parkean. Hitzordu honen bezpera hau, erreakzio eta balorazioen eguna dugu. Duela hamaika urte itxitako egunkariaren ostean, polizia operazio batekin zabaldutako auzi ekonomikoan 8 lagun zeuden auziperatuak. Usurbildar bat tartean; Joan Mari Torrealdai. Joan Mari, herritik kanpo harrapatu du albisteak, BERRIAra helarazi duen ondoko gutun honetan azaldu duen moduan:
Euskal Herritik kilometro askotara harrapatu nau albisteak. Lehenengo eta behin, nire zorionik beroenak sufrikario honetan kide izan ditudan guztiei, eta familiei. Eta ez horiei bakarrik: euskalgintzako lagun askori ere bai.
Iritsi da azkenik amesgaiztoaren bukaera nahi genukeena. Akusatuen aulkian ez gara eseriko agian, baina halaxe eduki gaituzte 2003tik gaurdaino, are estutzen gintuen soka batetik zintzilik.
Amesgaizto hau hemen bukatu edo ez, goraki adierazi behar dugu guk ez dugula deliturik egin, inolakorik ere ez. Hemen baldin bagaude eta horren luze eduki bagaituzte horrela, bestelako jokamoldeengatik izan da, bestelako blokeo eta interesengatik. Gu biktima hutsak izan gara, beste behin.
Kasu honetan aspaldi ezagutu dugu absurdoaren eremua, akusazioen aldetik (Dignidad y Justiciak abiatua gero fiskaltzak beretzat hartu izana nahiz eta hura kanpora bota), Eusko Jaurlaritzaren txostena aintzat ez hartzea. Esperpentoaren kapitulu bat gehiago. Egunkariaren liburu beltz honetan.
Gaur amaitu edo ez, beti gogoan izan beharko genuke 1990a,Egunkaria ilusioz beteta sortu genuen urtea, datorren urtean hain zuzen zilar ezteiak ospatuko baititugu. Zorionak, hortaz.