"Birziklapenaren Jendartea eraikitzeagatik" Aldundiaren eskertza, Ingurumenaren Nazioarteko Egun honetan

Noaua Aldizkaria 2014ko eka. 5a, 07:03

Ekainak 5 ditu gaur, Ingurumenaren Nazioarteko Eguna dugu. Gipuzkoarrak eskertzeko baliatu du Foru Aldundiak. “Eskerrak eman nahi dizkiet gaur, Ingurumenaren Nazioarteko Egunean, gipuzkoarrei aldaketaren protagonista direlako: birziklapenaren, iraunkortasunaren, ingurumenaren eta gure osasunaren alde ari dira eta arduraz jokatzen ari dira datozen belaunaldiekin. Beren etorkizunaren protagonista izan nahi dute gipuzkoarrek”, adierazi du agerraldi bidez, ingurumen diputatu Iñaki Errazkinek. Gipuzkoa hobea egiten ari dira herritarrak. "Herritarrak ohiturak aldatzen ari dira, eta horrekin aldaketa eragiten ari dira jendartean”, gaineratu du.

Birziklapenaren Jendartea eraikitzeko oinarri sendoa du Gipuzkoak, herritarrek azken hilabete hauetan Zero Zabor norabidean, ahalik eta hondakin gutxiago sortu eta ahalik eta gehien birziklatzeko emandako aurrerapausoei esker, Aldundiaren esanetan. 2016rako, hondakinen %60 birziklatzeko jarritako erronka betetzea erabat egingarritzat jo du Errazkinek, Ingurumenaren Nazioarteko Egun honetan. Herrialde mailan, aldaketa sozial bat abian dela diote Aldunditik. Datuekin azaldu nahi izan dute, Gipuzkoan, hondakinen kudeaketan ematen ari den eraldaketa:
-Gipuzkoako 20 herrietan sortzen duten organikoa, oso-osorik beraiek kudeatzen dute.
-Gipuzkoako udalerrien erdiak, %70etik gorako birziklatze maila du.
-Erreus gutxiago sortzen da Gipuzkoan.
-Birziklatzeak gora egin du Gipuzkoan.

Gipuzkoarren portaera eskertzeko bideo bat ere prestatu dute Aldundikoek. "Bertan, praktika egokiak egiten ari diren herritarrak agertzen dira: prebentzioa lantzen, lantokian hondakinak  gaika sailkatzen, konpostatzen, gaikako bilketa sistemak erabiltzen, berrerabilpena sustatzen...", berri eman dute Aldunditik.