Usurbildarrena, giza-kateko 90. kilometroa

Noaua Aldizkaria 2014ko eka. 6a, 13:25

Igandean, Durangotik Iruñeara egingo den euskaldunon erabakitze eskubidearen aldeko giza-kateko 662 metro usurbildarrenak dira. 662 herritarrek bat egin dute, historikoa izango den ekainaren 8ko hitzorduarekin. Giza-katerako izena eman duten herritarrek, Uharte-Arakilen dute hitzordua igande goizeko 10:00etan. Ordu horretarako, giza-kateko 90. kilometroan egotea aholkatzen dute Gure Esku Dago taldetik. Goiko mapan marra gorri batekin adierazia duzue, Uharte Arakileko ze eremutan dagoen erreserbatua lekua, usurbildarrek erabakitze eskubidearen aldeko ekimenean parte hartu dezaten.

Zuetako bat baino gehiago autoz joango da Uharte-Arakilera. Gogoan izan, Gure Esku Dago taldetik gomendatzen ari direna. Karteltxo bat jarri ezazue autoan, 90 zenbakiarekin. Giza-kateko 90. kilometroa usurbildarrena izango baita. "Kotxez doazen usurbildarrei autoan 90km jartzen duen paper bat jartzea gomendatzen zaie, ondo ikusgarri. Aparkalekuak seinalatuta egongo dira. Kontutan izan autobusek lehentasuna izango dutela.", Gure Esku Dago taldetik egin duten deialdia, Uharte-Arakilera autoz heltzen direnak aparkalekuetara egoki bideratuak izan daitezen.

Giza-katea, eguzkipean
Batzuk autoz, beste hainbatek Uharte-Arakilera joateko izena eman duzue autobusetan. Usurbilgo Gure Esku Dago taldetik berri eman dutenez, 11 autobus irtengo dira Oiardo Kiroldegitik Uharte-Arakilerantz, igande goizeko 9:00etan. Ohar bat; "11 autobus izanik, litekeena da ordutegi horretan kiroldegi pareko errepidea norabide baterako itxita egotea. Mesedez, garaiz etorri". Puntualak izatea eskatzen dute antolatzaileek. Kiroldegira garaiz heltzea. Eta nahi duenak mozorrotuta agertu dadila, musika instrumenturen batekin... Jai giroan ospatuko baita ekainaren 8ko giza-katea. Eta antza, giro ederrean gainera. Iragarpenen arabera, igande eguerdian, giza-katea eguzkipean ospatuko baita. 25-28 gradu espero dira Uharte-Arakilen. Giro eguzkitsua. Ez ahaztu beraz, eguzki izpientzako babesgarriak eramateaz.

Jaialdia Arbizun ez, Etxarri-Aranatzen
Kontuan izan aldaketa hori. Eguerdiko giza-katearen ostean, Durangotik Iruñeara tartean bost jai gune antolatu dituzte. Horietako bat, Etxarri-Aranatzen, eta ez Arbizun, hasiera batean iragarri zen moduan. Usurbildik autobusez joan eta arratsaldeko zerbitzuan bueltatzeko izena eman duzuenok, Uharte-Arakilen giza-katea amaitu eta Etxarri-Aranatzera autobusez joan eta handik 19:00ak aldera, Usurbila bueltatu ahalko zarete.