Lanbro artean ibili zen irudiko mendizale taldea, joan den igandean Arlaban-Araotz inguruetara Andatza M.K.T.-koek antolaturiko txangoan. Irteerako irudi gehiago, andatzamendizale.info atarian dituzue. Andatzakoen hurrengo irteera, uztailaren 12-13an; asteburu pasa Pirinioetara, Gavarnie aldera. Antolatzaileek aurrerago emango dituzte, txango honen inguruko zehaztasunen berri.
Buruntzaldeko Ibilbideen Egunerako laguntza behar dute
Adi bestalde, ohar honi. Urriaren 12an bailaran ospatuko den Buruntzaldeko Ibilbideen Egunean laguntzeko prest zaudetenok, kirola@usurbil.net helbidera idaztera eskatzen dute Andatza Mendizaleen Kirol Taldetik. “Egun horretan Usurbilen bi mahai jartzen dira, bat Santuenean eta bestea Mapil inguruan, Aginagan. 9:00etatik 14:00etara materiala (txano, fruta, ura,...) banatzen eta kontrol txiki bat egiten da postutik pasa edo abiatzen den jendearekin. Autobus zerbitzuaren berri ere ematen da”, argitu dute antolatzaileek.
Buruntzaldeko Ibilbideen Egunak, Usurbil, Lasarte, Urnieta eta Andoain lotzen ditu. Datorren edizioa urriaren 12an ospatuko da. Hitzordu honen zehaztasun gehiagoren berri, aurrerago emango dute antolatzaileek.