Martxoan, Usurbilgo udaletxean mozio bat aurkeztu zuen PSE-EE alderdiak. Beste udal ordezkarien babesa jaso zuen mozioak eta aho batez onartu zen tren pasabideak ezabatzeko eskaera. Gipuzkoako Batzar Nagusietan ere babestua izan da sozialisten proposamena. Baina konponbidearen giltza Eusko Jaurlaritzaren eskutan dago. PSE-EEk prentsaurreko bidez salatu duenez, Eusko Jaurlaritzak tren pasaguneak kentzeko diru partida murriztu egin du 2014an. Eta 300.000 mila euro bakarrik aurreikusi ditu Lakuak horrelako lanetarako. Hain zuzen, “diru hori Durangon erabiliko da, Zarabarra eta Alluitzen.
Hori dela eta, ezinbestekoa egiten da Eusko Jaurlaritzak Gipuzkoarekiko duen konpromisoa adieraztea eta Gipuzkoan egoera berdinean dauden 15 herriak ere kontuan izatea”, PSE-EEko kideek astearte honetan Potxoenean egindako adierazpenak dira hauek.
Santueneko pasabidea, Zubietakoa, Aginagakoa... “5.000 biztanletik gorako herrien artean, Usurbil da pasabide gehien duen herria eta inbertsio batzuk egiteko ordua dela uste dugu”, Ricardo Crespo zinegotzi sozialistaren esanetan.
Udalak ahobatez onarturiko mozioa
Usurbilgo PSE-EEk mozio hau aurkeztu zuen martxoan. Eta udal ordezkari denek aho batez onartu zuten. Honela dio mozioak:
1. Usurbilgo Udalak, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen eta Lurralde Politika Sailari dei egiten dio, herrian dauden 8 tren pasaguneak eta nasen arteko pasabidea ezabatzeko. Gure herria Gipuzkoan dagoen tren pasagune gehien duen herria delako eta Euskal Autonomi Erkidegoan bigarrena izanik Euskal trenbide sarean.
2. Usurbilgo Udalak, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen eta Lurralde Politika Sailari, Euskal Trenbide Sareari (ETS) eta Eusko Legebiltzarrari akordio honen berri emango dio.