Herriko baliabideen eta zerbitzuen inguruko gida plazaratu du Udalak: “Ongi etorri gida”

Noaua Aldizkaria 2014ko eka. 8a, 17:52

 

Kanpotik etorritakoei Udalak nolako harrera egiten die? “Galdera horren aurrean hutsune bat identifikatu genuen”. Halaxe aitortu digu Jone Urdanpilletak, Zerbitzuak eta Gizarte-Ongizatea arloetaz arduratzen den udal zinegotziak. Erremedioa ipini diote orain, “Ongi etorri gida” izeneko argitalpena argitaratuz.

“Ongi etorri gida” argitaratu berri du Usurbilgo Udalak. Gida hau  eskuratzen duenak, zer topatuko du bertan?
Jone Urdanpilleta. Herrira etorri berri direnei zuzenduta dago gida hau, eta herriko izaera baliabide eta ekipamenduen ezagutza eskura izatea da gida honen helburua.
Behin eskuetan, eta gida zabaltzean, alkatearen agurra topatuko dute lehenbizi. Herriaren eta gure hizkuntzaren azalpen txiki bat ere jasotzen da. Gainontzean, zerbitzu desberdinen berri ematen da.
Gidan batu den eduki guztia sailkatuta doa: errolda, osasuna, etxebizitza, enplegua, hezkuntza, gizarte zerbitzuak eta... Atal bakoitza bere azalpenarekin ageri da, kokapena eta harremanetarako informazioa barne: ordutegia, helbidea, telefonoa, web-gunea....

Lau hizkuntzatan dator idatzirik “Ongi etorri gida”.
Eduki nagusia euskaraz dago idatzia, baina beste hiru hizkuntzatara itzuli da. Euskarazko, erdarazko, frantsesezko eta inglesezko azalpenak ageri dira. Gainera, berehala ulertzeko moduan dago diseinaturik gida.
Esan behar dut gida honen edukia zehazteko, talde desberdinek hartu dutela parte: udal langileak, herriko hainbat eragilek eta azken urteotan Usurbilera etorritakoak ere bai. Lerro hauetatik eskerrak luzatu nahi dizkiet parte hartu duten guztiei.

Herrira etortzen denari bidea erraztea izango da argitalpen honen asmoa ezta?
Eguneroko premiei aurre egiteko orduan, gida hau lagungarri izango dela uste dugu. Horretaz gain, gertutasuna adierazi nahi diogu herrira etorri denari, edozein dela bere jaioterria. Guregana iritsi berri, elkarbizitza eraikitzen hasteko unea da eta hor egon behar dugula iruditzen zaigu.

Azken urteetan jatorri ezberdineko jendea hurbildu da, eta horientzat bereziki oso lagungarri izango da gida hau.
Jatorri anitzeko herri bat gara. 43 herrialde desberdineko herritarrak ditugu gurean.  Kanpotik etorritakoei Udalak nolako harrera egiten die? Galdera horren aurrean hutsune bat identifikatu genuen. Eta hutsune hori estaltzera dator gida hau. Herriaren nortasunaren berri eta gure baliabideen berri ematea beharrezkoa ikusten genuen eta horregatik eman dugu argitara harrera izaera duen gida hau.
Esan bezala, harrera unetik hasita, elkarbizitza dugu helburu, elkar aitortzan oinarritutako elkarbizitza.

Gida honetaz gain, bestelako ekimenik antolatzeko asmorik al duzue?
Elkarbizitza helburu, hori da erronka. Bakoitzak bere nortasuna galdu gabe, elkarren aitortzarako bidean ezinbestekoa da elkar ezagutza eta horretan saiatuko gara.
Horregatik hurrengo pausoa, etorri berriekin aldizkako bilkurak egitea izango da. Zuzenean, beraien beharrak ezagutu eta gure berri emateko.
Aniztasunaren inguruko jai egun bat prestatzen hasiak gara herriko talde desberdinekin eta hasiera batean irailean antolatzeko asmoa dago.

Udalera erroldatzera datorrenarentzat
Zer nolako zabalkuntza izango du? Non aurkitu daiteke?
Jone Urdanpilleta. Hasiera batean, espreski Udalera erroldatzera datorrenari zuzenduta dago gida hau.
Hala eta guztiz ere, beste edozein herritarrek nahi izanez gero, udal errejistroan lortu dezake ale bat. Ongi etorri karpeta bat ere prestatu dugu, gida honekin batera beste gida edo dokumentu eramangarri batzuk ere batzeko.