Azken hilabete hauetan hainbatetan iragarri izan duten ekainaren 8a hemen dugu jada. Iritsi da, Durangotik Iruñeara milaka lagun eskutik helduta euskaldunon erabakitze eskubidea aitortzea eskatuko duten igandea, herri baten aldarrikapen irudi historikoa ateratzeko unea. Gogoan izan usurbildarren hitzordua, igandean 12:00etan Uharte-Arakilen. Gero, jaialdia Etxarri-Aranatzen. Usurbilgo Gure Esku Dago lan taldekoekin bildu gara prestaketa hilabeteok eman dutena baloratu, igande honetarako aurreikuspenak aztertu eta gerora begira jartzeko.
Nola joan zarete prestatzen igandeko giza-katea herri mailan, abendutik hona?
Gure Esku Dago Usurbil: Lehen bilera abenduaren 21ean, Santo Tomas egunean egin genuen. Urtarrilean deialdi irekia egin eta gerturatu zen jendearekin taldea osatu genuen. Hasieran esaten genuen, jendearen atzetik ibili beharko genuela giza-katera animatzeko. Plan bat ere bagenuen, herritar bakoitzari lagun talde bat lotzea eskatzea. Baina gero, mahaia jarri eta herritarrak beraiek agertu dira izen ematera. Ezustekoa izan da, ez genuen uste jendea hain erraz etorriko zenik. Poz handia eman digu.
Argi erakusten du honek, herritarren erantzuna zein izan den?
Oso erantzun ona izan da. Interes handia jarri dute, oso gustura gaude herritarren erantzunarekin. Hasieran 400 pertsona biltzeko erronka finkatu genuen. Oso zaila ikusten zen. 400 atxikimendu lortu genituen, eta 500eko erronka jarri genuen. Oso zaila ikusten zen baita, baina Sagardo Egunean lortu genuen. 600eko erronka ere jarri dugu eta badirudi beteko dugula. Oso pozik gaude.
Urte hasieran, Sutegi atarian ateratako talde argazki hura bezalako ekimenek sustatuko zuten izen ematea?
Argazki hura oso garrantzitsua izan zen, bai kanpora begira, argazki hori ikustean jendea animatu zelako, baina guri begira ere bai. Argazki hura ateratzea pentsatu genuenean, ez baikenuen espero hainbeste jende izango zenik. 140 bat lagun zenbatu genituen. Bai kanpora eta barrura begira konfiantza eta baikortasun handia eman zigun ekimen hark. Lehenengo hitzordua izan zen, astebetean antolatua, oso azkar eta jendeak oso ondo erantzun zuen. Egia da ahoz ahokora jo genuela. Plaza beteko ez genuelakoan, txukun atera zen. Erabakitze eskubidearen inguruan zenbat jende mugitzeko gai izango ginen neurtzeko termometroa izan zen ekimen hura, gure taldearentzat. Zertarako gai ginen ikusi genuen eta hortik aurrera indar hartu genuen.
Erabakitze eskubidearen alde dagoen herritar oro bildu nahi izan du ekimen honek. Izen emateetan ere islatuko zen aniztasun hori?
Mahaira inguru guztietako jendea hurbildu da. Baita orain arte gai honetan parte hartu ez, edo ikusten ez zen jendea. Garrantzitsua izan da herri izaera ematea mugimendu honi. Jendeak gertu bizi izan du. Taldean ere hala gara, talde anitza gara, eremu, pentsaera edota adin ezberdinetako jendea bildu gara. Elkar ezagutzen ez genuen jendea. Hori kanpora begira ere positiboa izan da. Arrakasta hor ere egon da.
Hor ere kate bat egon da herri barruan?
Katea aipatuta, Sutegiko talde argazkia ateratzeko ekitaldia iragartzeko deialdia, whatsapp bidez zabaldu genuen. Taldeko batek esan zigun berari ere deialdia heldu zitzaiola, eta ezingo genuela pentsatu ere egin nondik heldu zitzaion. Horrekin argi geratu zen, eremu zabal batera heldu ginela.
Hainbesteko babesa jaso duen ekimeneko arrakastaren beste giltzarriak zeintzuk izan dira?
Pertsonengana jo dugu eta horretan asmatu dugu. Ibilbide bat izan duen ekimena da; Nazioen Mundutik datorren ekimena da hau. Argi dago eboluzio handia izan duela. Idiazabaletik hasi ziren mugitzen, gero “Gazta zati bat” filmarekin gehiago eta Gure Esku Dago mugimenduak ekarri du, eremu handira heltzea.
“Ekainaren 8a jendea aktibatu eta honetan inplikatzen hasteko abiapuntua izango da”
Zer espero duzue ekainaren 8an? Irudikatua duzue nola izango den igandeko ekimena?
50.000 izen emate gainditu dira, ezin da irudikatu ere egin. Jende piloa bilduko dela hori bai. Urduritasun eguna izango da guretzat, baina baita oso egun hunkigarria ere. Festa egun handi bat izatea nahi genuke, goizean 9:00etan autobusean sartzetik bueltatu arte.
Herritarrak, mozorrotu edo musika instrumentuak eramatera animatzen dituzue?
Edozer gauza. Baloi erraldoiak, malabareak, mozorrotuta joatea, musika instrumentuekin… Jendea animatzeko edo kantatzeko gogoz joan dadila. Gogotsu, eguna oso ondo pasatzeko prest.
Euskaldunon erabakitze eskubidearen errekonozimenduari begira, zer eragin izango du igandeko giza-kateak?
Ikusten duguna da, ekimen arrakastatsua izango dela ziur aski. Orain arte, gure helburua, herria piztea izan da, gai honen inguruko eztabaida herrira jaisteko. Azkenean gu denon ahotan egon behar duelako eztabaida horrek, zerbaitetara heldu behar badugu. Ekainaren 8a jendea aktibatu eta honetan inplikatzen hasteko abiapuntua izango da. Eta hemendik aurrera jada, martxa hartuko du, bere bidea egingo du. Asmoa, gai honen inguruan lan egingo duen batzar nazional bat sortzea da. Jendearen ahotan egon behar duen gai bat da, gure eskubide bat da zer izan nahi dugun erabakitzea.
Giza-katearen ostean beraz, Gure Esku Dago Usurbil taldeak lanean jarraituko du?
Giza katerako izen emateekin, giza-kate erraldoi bat baina baita ere sare erraldoi bat egin nahi zen. Sare erraldoi horrekin egin nahi dena da, asanblada bat sortu eta modu asanbleario batean, denen artean erabaki nola sortuko den talde hori eta nola funtzionatuko duen, eta hortik aurrera ze pauso eman beharko diren, egunen batean erabakitze eskubide hori gauzatzeko. Igandeko giza-kateari eman behar zaio jarraipena beraz. Orain artekoa ezin dugu itzaltzen utzi, lan handia egin da. Erantzuna oso handia izan da. Ekainaren 8tik aurrera egingo diren bileretara jendeak animatu nahi badu, aukera du. Ateak irekita daude.