Gure Esku Dago Usurbil: "Historia egin dugu berriro ere"

Noaua Aldizkaria 2014ko eka. 9a, 15:33


Egun historikoaren biharamuna ekainaren 9a. Euskaldunon erabakitze eskubidearen alde ospaturiko giza-katea soka luzea ekartzen ari da. Hasteko, balorazioetan. Esker hitzak baino ez dituzte usurbildarrentzat Gure Esku Dago lan taldekoek. "Historia egin dugu berriro" diote atzoko ekimen historikoaren inguruan. Orain, ekainaren 8ari jarraipena emateko gonbita luzatzen dute, NOAUA!ra helarazi duten balorazio honetan:

ESKERRIK ASKO!
Haur, gazte, ez hain gazte eta heldu… mila irrifar ikusi genituen igandean gure kilometroan. Ehun milaka irrifar 123 km-etan… izan ere, halakoa behar zuen Ekainaren 8ak. Ez besterik. Erabakitze eskubidearen aldeko festa egitea zen erronka, oraindik ere hotz xamar sentitzen dugun eskubidea. Baina ezbairik gabe eguna berotzea lortu genuen (ez eguzkiagatik soilik) eta nola gainera!

Urduri ginen oso, antzematen zitzaigun. Baina gure herriak primeran erantzun zion hasieratik deialdiari eta igandean eredugarri baino gehiago izan zineten. Ezkerrera mesedez, orain eskuinerago… batek baino gehiagok pentsatu zuen: “kristorena ematen ari dira antolakuntzako hauek!”.

Historia egin dugu berriro ere. Ezin dugu gehiago eskatu… Edo bai. Segi dezagun lanean elkarri lotuta, lotzen gaituen katea izan dadin askatuko gaituena.

Zorionak guztioi. Zorionak euskal herritarroi dagokigun erabakitzeko eskubidea modu aktiboan babesteagatik eta giza kate historikoan parte hartu duzuelako. Eta zorionak, Euskal Herriaren historiaren atal ederra idazten lagundu duzuelako. Bejondeizuela!

 

 

                                                                                                                                                                                                             USURBILGO GURE ESKU DAGO