Autobus festa, atzoko giza-katera joateko

Noaua Aldizkaria 2014ko eka. 9a, 13:45

Iragarria zuten antolatzaileek egun historikoa izango zela ekainaren 8a. Giza-kate historikoa ospatu zen igandeak, goizean goizetik utzi zizkigun denon memorian ondo gordeak geratuko diren irudiak. Oiardo Kiroldegi pareko autobus festarena esate baterako. Gernika ibilbideko errail bat ere itxi behar izan zuten, anbulategi paretik ia Udarregi Ikastolarainoko autobus ilarak okupatua zuelako. 11 autobus irten ziren Usurbildik, euskaldunon erabakitze eskubidea aldarrikatu zuen giza-kateko 90. kilometrora. Uharte-Arakilera alegia. Autobuseko bidaia ospakizun betean egin zuten herritarrek. Kantuan, eta algara betean. Andoaindik Irurtzun alderako A-15 autobidean, nabaria zen Sakana aldera zihoan autobus ilara. Giza-kateko eremurantz gerturatu ahala, emozioa handitzen joan zen bidaiaren artean.

      

       
Asteburu pasa joandako asko
700 usurbildar baino gehiago batu ziren atzoko giza-katean. Asko Usurbildik abiaturiko hamaika autobusetan joanak. Eta beste hainbat, auto edota furgonetetan. Autobusez Uharte-Arakilera heldutako ehunka usurbildarrek, aurrez asteburu pasa, furgoneta edota autokarabanetan joan ziren beste hainbat herritarrekin topo egin zuten, Uharte-Arakil herri erdigunerako sarreran. Usurbildarrek bai jakin. Arakil ibai ondoko zuhaizpean, itzalpean leku ederra hartua zuten giza-kate bezperatik.