Noaingo 1.521eko gudua, Nafartarrak-en hitzaldi zikloko lehen mintzagaia 19:00etan Sutegin

Noaua Aldizkaria 2014ko eka. 10a, 14:51


Astearte honetatik ostegunera, ekainaren 10etik 12ra antolatu du hitzaldi zikloa Nafartarrak taldeak, 19:00etan Sutegin. Noaingo gudua, Eskozia eta I. Mundu Gerra hizpide nagusi izango dituzte, datozen hiru egunotan:

Ekainak 10, asteartea
19:00 “Noain 1.521, independentzia berreskuratzeko saioa” hitzaldia, Sutegiko auditorioan.

Hizlaria: Beñi Agirre.

Edukia: Noaingo gudua (1521) Nafarroako konkistaren testuinguruan gertatu zen, 1512an Albako dukeak egindako inbasioaren ondoren. Gaztelako Komuneroen erreboltaren ostean, okupatzaileak bere tropak erretiratu egin behar izan zituen, bere lurraldean sortutako gatazka hartaz arduratzeko. Nafarroak matxinadak egin eta inbaditzaileak kanporatzeko aprobetxatu zuen. Hilabetez, Nafarroa independente izan zen ostera. Baina Espainiak indarrak bildu eta Nafarroaren aurka jo zuen berriro ere. Noaingoa gerra haren azken borroka handia izan zen.

Ekainak 11, asteazkena
19:00 “Eskozia: atzo, gaur eta bihar” hitzaldia, Sutegiko auditorioan.
Hizlaria: Ander Larunbe Anderson.

Edukia: Eskoziako historian ere, Ingalaterrak eragindako gerra, umiliazio eta zapalkuntza ugariren iragana ikusten dugu. Orain, ordea, berriro independentzia lortzeko baldintzarik ba ote dagoen ari da planteatzen Eskozia. Datorren erreferenduma mugarria izan liteke historia luze horretan.

Ekainak 12, osteguna
19:00 “Lehenengo Mundu Gerra Euskal Herrian” hitzaldia, Sutegiko auditorioan.

Hizlaria: Eneko Bidegain, BERRIAko kazetaria.

Edukia: 1914ko Gerra Handiak (duela 100 urte) oso gogor jo zuen Iparraldeko euskal populazioa. Gazte ugari, gerrara bidalita, lubakietan hil zen. Are gehiago, Estatu frantsesak samin hura erabili zuen, ohoratzeko eta oroitzeko politika baten bitartez (“Morts pour la patrie”) Frantziaren aldeko sentimendu bat sorrarazi eta euskaldunen artean kontzientzia nazional frantsesa eraikitzeko.

Sarrera: doan.

Antolatzailea: Nafartarrak.